Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Jon Maia
Bertsolaria
gara-2021-11-12-Entrevista
Argazkiak: Galder Izagirre

«Gure kantuak bizirik jarraitzen du Bereterretxetik Chill Mafiaraino hartu dituen formengatik»

Hogeita hamar urte letragintzan. Okasio elegantea ospakizunetarako. ‘Kantu bat gara’ disko-liburua horixe baita Jon Maiarentzat, ospakizun bat. Bere kantuei –guztira 168– buruzko lana baino, kantagintzari buruzkoa.

Negu Gorriak taldearekin hasi eta Kai Nakairekin jarraitu, tartean dauden hiru hamarkadetan doinu eta erritmo desberdinei jarri dizkie hitzak, beti abeslariaren eta taldearen esanetara. Denak dira propio kantu izateko idatzitako testuak, ez daude beste inon argitaratuak. «Nik sentitzen dut kantariaren eta taldearen zerbitzura nagoela. Ni hortik abiatzen naiz eta melodiaren bideak egiten ditut, melodiak gora egiten duenean hor zer izan beharko lukeen pentsatzen dut, behera egiten duenean zer, airean geratzen denean…». Kantu bakoitza neurrira jositakoa.

Hamabost urte zituela bere logelan magnetofonoan kasetea jarri eta musika gustura entzuten zuen; Kortatu, Hertzainak, Benito… «Nola pentsatuko nuen noizbait horiek nik idatzitako kantak abestuko zituztenik? Hori niretzat fantasia bat da, oraindik urduri jartzen naiz jende horren aurrean, niretzat idolo batzuk dira eta izugarrizko oparia izan da haiekin lan egitea».

30. urteurren biribila ospatzeko, egindako 168 kantuen artean hamalau aukeratu ditu. Erantzi eta soineko berriz jantzi ditu abestiok. Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Soto musikariek txeloz, akordeoiz eta pianoz josi dituzte kantuen bertsioak. Ahotsa Jon Maiak jarri die, behinola berak idatzi eta beste batzuek kantatutako abestiak berera ekarriz orain. Horretarako propio kantu klaseak hartu ditu, «erronka handia» zelako. Honekin bosgarren diskoa du, baina ez dauka bere burua abeslaritzat. Pozik dago emaitzarekin, musikari apartez inguratu da. «Uste dut jendea harritu egingo dela bertsio batzuekin».

Eta abesteko ere aparteko konpainia izan du; Asier Etxeandia, Gari, Pirritx, Mikel Urdangarin, Eire Maia (alaba), Juan Soziedad Alkoholika, Xabier Amuriza, Aire Ahizpak, Anton Latxa… «Hor dago niri gustatzen zaidan Euskal Herria, Asier Etxeandiatik Xabier Amurizara».

Kantu bat al gara?

Estatu bat? Errepublika bat? Autonomia bat? Erresuma bat? Historian zehar forma juridiko administratibo politiko desberdinak hartu izan ditugu eta har ditzakegu. Baina, esentzian, interesatzen zaidan forma eta gu garena benetan kantu bat da. Niretzat kantua formatu liluragarria da, gizakiak asmatu duen forma artistiko liluragarriena, harrigarriena. Kantua ez zen existitzen, noizbait hasi zen gizakia kantuak egiten, asmatzen. Jakin ezazu noiz hasi zen gizakia kantatzen. Gainerako forma artistiko pila bat askoz beranduagokoa da, kantua primitiboa da. Forma anitzeko proiektu artistikoa da, ez du euskarririk behar, airean proiektatzen da, bibrazio sonoroetan, hitza eta musika batzen ditu, intimoa da, barruan daramazu gordea eta edozein tokitara eraman dezakezu. Berdin da kartzelan sartzen zaituzten, desertuan zauden, 20.000 pertsonaren tartean zauden edo bakarrik. Aldi berean izan daiteke erabat intimoa –oso zeureak egiten dituzu kantuak eta istorioak– eta kolektiboa. Formatu laburrekoa da; hiru minutu, zortzi minutu, bost minutu. Eta horrek dinamismo handia ematen dio.

Kantuek herrialdeak ordezkatzen dituzte, nazioak, estatuak, ereserkiak… kantua erabiltzen da herri bat ordezkatzeko. Kantuak erabiltzen dira masak pizteko, herri mugimenduak berotzeko, altxatzeko, kontzientziak pizteko, mezuak zabaltzeko, kronika bezala, belarrira xuxurlatzeko, maitemintzeko. Kantuaren formatua hain berezia da, hainbeste gauzetarako balio du…

Asko dokumentatu naiz kantuaren inguruan. Liburuan testu denak nireak dira, baina kantuaren inguruko informazio asko bildu ditut, hausnarketak eta baita bitxikeriak ere. Australian, adibidez, aborigenek kantuz osatutako bideak egiten dituzte, kantuek deskribatzen dituzte ibili beharreko ibilbide komertzialak eta kantuak pasatzen dizkiote elkarri merkantzien truke, lekuetara iristeko informazioa ematen dutelako.

Liluratzen nauten gauzak jaso ditut liburuan. Adibidez, ‘Bereterretxeren kanthoria’, ezagutzen dugun euskal kanta zaharrenetakoa, zaharrena ez bada, XV. mendekoa. Nola iritsi da 2021era letra hori? Lehen argitarapena ez da hain zaharra. Kantatu zuen lehen pertsona hartatik, 200-300 urtez ahoz aho, gogorik gogo, memoriaz memoria egin du bidea, gero norbaitek idatzi zuen eta guganaino iritsi da. Nola iritsi da kantu bat mendez mende gugana? Pertsona baten gogoaren barrenetik beste pertsona baten gogoaren barrenera pasatuz. Kantuaren ahalmena infinitua da.

«Ixolamenduaren bertsoak» egin zenituen. Kantuaren gaitasuna hor ere ikusi zen.

Itxialdian bertsoak idatzi nituen jendearentzat. Ekimen bat jarri nuen martxan eta 286 bertso idatzi nituen etxean sartuta egon ginen garaian. Bakoitza pertsona batentzat, kasu baterako propio idatzi eta kantatutako bertsoa, gero bere gertukoek berari kantatzeko edo bideoz bidaltzeko. Denak isolatuta zegoen jendearentzat; erizainak, haurdun zeudenak, gaixo zeudenak… Eta konturatzen zara bertsoaren formatu horrek gainditu ditzakeela itxialdiak, dekretuak, paretak… formatu txiki horrek, kantu xume horrek, hori guztia gainditu eta pertsonaren bihotzeraino egin dezake. Geldiezina da, garaiezina, suntsiezina, ezin da ez erre, ez lotu, ez txikitu, ez birrindu, ez trituratu, ez katean lotu… zure barruan dago eta infinitua da.

«Jon Maiak bizitza epikoki bizi du», dio Xabier Amurizak liburuaren hitzaurrean.

Onerako eta txarrerako. Beti sentitu dut konpromiso bat bizi naizen herriarekin eta garaiarekin eta beti saiatu naiz, ume bat naizenetik, nire ekarpena egiten. Eta kantuekin ere nire ekarpena egiten saiatu naiz, intentzionalitate guztiz jendearen animoa altxatzeko gauzak egiten saiatu naiz, batzuetan akupuntura egiten… Beharbada oso handinahia da, baina nik egiten dut sentitzen dudalako nire ekarpena egin behar dudala. Niretzat ez dago motibazio eta plazer handiagorik bestearengan eragitea baino eta jendeari zerbait positiboa eragitea baino. Hori da gehien betetzen nauena.

Hori da horrelako lanak egiteko motibazioa ematen didana. Bestela nik ezin dut liburu bat idatzi. Nire borondatez eta ekimenez egiten ditudan lanetan, behintzat, sentitu behar dut ekarpen bat egiten ari naizela, eragin dezakeen zerbait. “Kantu bat gara” niretzat liburu bat eta disko bat baino gehiago da, jendeari milaka urtetatik datorren zerbaiten hartzaile garela eta beste milaka urte iraun behar duela esatea da. Forma berriak hartuko ditu eta, bizirik egongo bada, etengabe eraldatzen, azalberritzen eta transformatzen joan behar du. Garenaren kantu horri indibiduo bezala eta kolektibo bezala gure forma eman diogun bezala, gerora, orain datozenek, bere forma emango diote, Bereterretxetik Chill Mafiaraino. Milaka urtetako formatu horren parte izatea eta hor nire ekarpena egitea, bizi naizen garaian eta bizi dudan herrian, erabat betetzen nauen zerbait da.

Kantuak idatzi dituzu enkarguz, neurrira, maite-pozez, nahi gabe, gogoz kontra, esperantzaz, diru trukean, borondatez… baina oraindik ez omen dakizu kantu ederrenerako bidea.

Ez dakigu eta eskerrak ez dakigun. Jakingo bagenu, besterik ez genukeen egingo. Kantuek askotan hartu dute espero ez nuen bidea eta, aldrebes, batzuetan espero nuen eta ez da gertatu. Liburuan esaten dudan bezala, ereserkiarena sortu baino gehiago gertatu egiten da, gertatzen denean. Magia bat gertatzen da hor eta kantu batek bere bidea egiten du. Bertsotan ere, bertso txar mordo bat kantatzen ditugu bat ona kantatzerako. Betirako geratuko direnak, gutxi batzuk izango dira.

Adibidez, ‘Emoixtaxux muxutxuek’ niretzat kantu intimo bat zen eta ez nuen inondik inora espero kantu horrek izango zuenik izan duen bizitza eta eragina.

Liburuan aitortzen duzunez, abesti hori kantatzeko zalantzak izan zenituen; ñoñokeriaren mugan jartzen ote zintuen, halakorik esatea pertinentea ote zen «maiuskulaz» kantatzen zenuen garai horretan…

Sekulako bertigoa ematen zidan ‘horterada’ bat argitaratzera ote nindoan nire sinadurarekin, gerra giro batean, ni ere politizatutako pertsona bat nintzela jakinda, Negu Gorriak-en letra horiek egin eta gero… «marrubi usaintsue», «oinak hotz gabien»… bertigoa ematen zidan hori argitaratzeak. Baina, era berean, oso kontziente nintzen euskal kulturaren sektore zabal baten satanizazio moduko bat zegoela eta gizakiak garela, sentimenduak dauzkagula gogorarazi behar genuela, baita geure buruari ere. Gizatasun hori modu erabat irekian erakusteko behar bat sumatzen nuen. Nik askotan sentitzen dut bertigo hori, askotan mugaraino iristen naizela sentitzen dut, baina horrela bizitzen dut bizitza.

«Bertsolaritzaren irekiera garaiak ziren, gatazka politiko beteko urteak, diskurtso absolutuak eta amets definitiboak. Maiuskulaz kantatzen nuen nik». Negu Gorriak taldearen kontzertuetan kantatzen zenuen eta baita Amezketako pilotalekuan Lazkao Txikirekin ere.

Nire bi munduak ziren, beraien artean antagonikoak. Nire kultura rock kultura zen eta bertsolaria nintzen. Nire kuadrilla Zumaian tabernan uzten nuen La Polla, Barricada, Cicatriz, Hertzainak, Kortatu... entzuten, parrandan, eta Amezketako frontoira joaten nintzen Lazkao Txikirekin, Lopategirekin, Egañarekin, Peñarekin… Ez nuen nire antzeko inor ikusten ez oholtzan ezta aurrean ere. Nik ez dut estrategia bat eduki bertsoak rock bihurtzeko, tokatu zaidan garaia izan da eta une horretan hor egotea egokitu zait. Gero kontzientzia hartzen duzu eta egoerak probokatzen dituzu; lehen aldiz kontzertu batean kantatzea, lehen aldiz bertso saio bat gaztetxe batean egitea… Baina umetatik sentitu dut grina bat, barne gogo bat, abenturarako. Oso pertsona hibridoa naizela uste dut, ez daukat atabikoki euskalduntasunarekin loturarik, lehen euskalduna naiz nire familian, eta horrek hasieratik eremu euskaldunean bertso solte bat bihurtu nau. Horrek forma asko hartzeko askatasuna eman dit agian. Ez daukat lotura sakon bat ezerekin, oso askea izan naiz beti.

Pentsa, gazteagotan lotsatu ere egiten omen zinen zure jatorriagatik. Eta orain horrek askatasuna eman dizula sentitzen duzu.

Bai, ez nintzen gelditu lotsa horretan.

Garai hartan bertsolaritza uztea pentsatu al zenuen inoiz?

Noizbait pentsatu izan dut. Askotan ez nituen gaiak ulertzen, ezta elkarrizketak ere. Nik ez dut izan amona edo osaba euskaldunik, familia bazkarietan euskaldunak hitz egiten zituzten gaiez hitz egiten zutenak. Bertsolariekin frontoira afaltzera joan eta dena arrotza egiten zitzaidan eta ez nuen ulertzen zergatik ez nuen gozatzen. Nire gaitasun faltagatik ere ez nuen gozatzen. Baina nire historia etengabeko superazio historia bat da; euskararekin, bertsolaritzarekin, musikarekin, identitatearekin, txapelketarekin… Etengabe nire mugak gainditzen pasa dut bizitza, ez naiz konformatzen. Nik bizitza irentsi egiten dut. Lau bizitza izan nahiko nituzke gauza gehiago egiteko eta askotan sentitzen dut lau bizitza dauzkadala; egun batean abeslaria naiz, beste batean immigrazioari buruz hitzaldi bat ematen ari naiz, hurrengoan bertsotan ari naiz, hurrengoan dokumental bat grabatzen ari naiz… Askotan sentitzen dut bizitza paraleloak ditudala sortzaile bezala.

Bertsolaritzaz ari zarela, liburuan parekatzen dituzu bi jardunak. «Erori egin naiz, ez du funtzionatzen. Baina lasai, hau ez da bertsotan bat-batean egitea, inork ez du ikusi erori naizenik. Etxean nago bakarrik, ez daukat inor begira, ez entzuten. Hau lan intimoa da».

Bertsolaritza eta letragintza ez dira gauza bera, baina bertsolaritzak asko laguntzen du eta badago tradizio bat. Trikitiarekin lotura soziologiko natural bat egon da, baina gero hortik zabaldu egin gara eta bertsolari batzuk letragile espezializatuak dira; Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Garmendia Txuria Esne Beltzarekin, Xabier Amuriza, letragintzaren figura gorenetakoa, ereserkiak idatzi dituena... Idazleak ere letragileak dira; Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia.

«Imuntzo eta Belokiren ondoren Def Con Dos etorri ziren». Karidadeko Bentarekin «zatoz gurekin eta dantzatu reggaeton» abesten zenuten tonu ironikoan eta kritikoan. Baina geroztik Kai Nakai reggaeton abeslari gasteiztarrarentzat hitzak idatzi dituzu. Zure ibilbidea oso anitza izan da eta estereotipoak erantzi behar izan dituzu 30 urteotan.

Konturatu naiz aurreiritziak direla izan ditzakegun hesirik anulatzaileenetakoak. Aurreiritzi horiek eramaten gaituzte ezagutu gabe eta probatu gabe ate pila bat ixtera eta ausardia ere anulatu egiten digute. Niretzat oso interesgarria da 30 urte gazteagoa den abeslari batekin elkarlan bat egitea, bere kezkak ezagutzea, kantagintza nola bizi duen ikustea… gaur egun aurreiritzi oso gutxiko pertsona naiz. Maiuskulaz kantatzen nuen garaian aurreiritzi gehiago nituen.

Chill Mafiakoek ere esana dute akaso abestiren bat eskatu beharko diotela Jon Maiari.

Inbidia pixka bat ematen didate, zer-nolako askatasuna duten gauzak esateko. Nik gauza berriak egin ditudan arren, orain pixka bat preso sentitzen naiz, naizenaren preso, ez daukat haiek daukaten askatasuna. Niri identitatearen transformazio horiek guztiak asko interesatzen zaizkit, horien parte sentitzen naizelako. Hor kokatzen naiz ni, nire familiagatik, nire sustrato sozialagatik eta egin ditudan gauzengatik. ‘Kantu bat gara’ esaten dudanean hori esan nahi dut: gure kantuak bizirik jarraitzen du Bereterretxetik Chill Mafiaraino bide horretan hartu dituen forma guztiei esker. Eta eskerrak jarraitzen duen etengabeko eraldaketan, espazio, erregistro eta forma berriak hartzen. Gero, zer esaten dute eta zer egiten duten, beste gauza bat. Denok hil behar izan dugu gure aita, gure belaunaldikoek bertsotan ere gure aita hil behar izan genuen, maitasunez. Eta hauek ere horretan ari dira. Hori errepikatu egiten da historian eta horri esker jarraitzen dugu bizirik, kobazuloetatik gaurko lokal eta etxabeetaraino, forma berriei eta etengabeko egokitze prozesu bati esker, bestela fosilizatuta eta hilda geundeke. Niri poz izugarria ematen dit Chill Mafiak, eta ez naiz edukiaz ari.

Def Con Dos taldeari ere egin zenion kantu bat. Eta haien galdera; nola ordainduko dizugu hau?

Nirekin harremanetan jarri ziren, kantu bat euskaraz atera nahi zutela eta. Niretzako sekulakoa izan zen haientzat kantu bat egitea. Eta nola ordainduko zidaten galdetu zidatenean ordainduta zegoela esan nien, ohore bat zela niretzat haiek kantu hori abestea. «Zerbait bidaliko dizugu» esan zidaten. Handik denbora batera pakete bat iritsi zen etxera: kalean pintaketak egiteko kit bat, bere esprai eta V (Victoria) formako txantiloiarekin, CDa, eta CDarekin sorpresa. «Jon, te han mandado un porro» esan zidan aitak, begirada okertuta. «Un porro no, 50!», pentsatu nuen nik. Izugarrizko karamelua bidali zidaten zinta batekin lotua.

Hori da ondoen ordaindu dizuten aldia?

Ondoen ez dakit, baina bai berezien. Salbuespen oso gutxi kenduta, nik ez dut inoiz kobratu letra bat egiteagatik. Autore eskubideetan izena ematen duzu eta hortik kobratzen duzu, kantuaren bizitzaren arabera. Normalean ez du asko ematen. ‘Nirekin’, ‘Gora Herria’, ‘Itsasoari begira’, ‘Itsasoa gara’… izango dira gehien entzun diren abestiak.

Esango nuke ohikoa dela jarduteko era hori letragileen artean.

Azken proiektu honetarako kolaborazio bila ate sonatuak jo dituzu, ezta?

Nik mugarik gabe pentsatzen dut eta uste dut horrek eraman nauela leku askotaraino. Zalantzaren aurrean ausartu egin naiz. Negu Gorriak-ekin La Casillan lehen kontzertuan kantatu nuenean ez nekien jendea txistuka hasiko ote zen, botilak botako zizkidaten… Horrelako zalantzak nituen, baina gerora ikasi dut ez dagoela mugarik eta ametsen bila joan behar dugula.

Disko honetarako baneukan amets bat edo ilusio bat; letragile bezala nigan eragin duen jendearengana jo nahi nuen. Nigan sortzaile askok eragin dute eta bertsotan ere errekonozitzen ditut nigan eragin dutenak ateratzen direnean; ni konturatzen naiz noiz ari naizen bertsotan Javier Kraheren eraginpean, edo noiz ari naizen Fermin Muguruzaren eraginpean, edo nik ikusten dut Franco Battiato nire kantuetan, edo Barricada.

Nire ilusioa zen Silvio Rodriguezek kantatzea disko honetan, munduko letragile handienetakoa den aldetik. Lortu genuen Silviori eskaintza helaraztea eta erantzuna ere jaso nuen, oso atsegin esan zidan lanpetuta zegoela bere proiektu batean, eskertzen zuela nire gonbidapena baina ezin zuela.

Diskoan hiru kantu berri daude, lehen argitaratu gabeak; ‘Kantu bat gara’, ‘Hondartzako muxuaren himnoa’ eta ‘Itsasoari begira’ kantuaren bertsoekin egindako kantu berri bat, Xabier Amurizarekin abesten dudana.

‘Hondartzako muxuaren himnoa’ Silviori eskaini nion eta ezetz esan zidan. Orduan Franco Battiatori eskaintzea erabaki nuen. Idatzi nion, baina ez nuen erantzunik jaso. Handik hilabete batzuetara hil egin zen. Eta kantu hori horrela geratu zen.

Grabaketan geundela, hizketan, Oskorriko Anton Latxaren izena agertu zen. Zenbat kantu mitiko dauzkan, niri gustatzen zaizkidan Oskorriren kantu mordo bat berak idatziak dira. Argia ikusi nuen eta pentsatu nuen izugarri gustatuko litzaidakeela Anton Latxak, niretzat euskalgintzaren historiako ahotsik ederrenetakoak, nire kantu bat kantatzea. Eta Latxari esan nion. Kontatu nion nola eskaini nien aurretik Silvio Rodriguezi eta Franco Battiatori. Barre egin zuen, «horiek eta gero nator ni?». Eta berarekin kantatu dut diskoan ‘Hondartzako muxuaren himnoa’.

«Hondartzako muxuaren himnoa», zure enkarguz zuretzat egina.

Beti maiuskuletan eta epikaren bila ibili eta gero, denborarekin konturatu naiz dena ez dela hori. Askotan aurrera jarraitzeko behar duguna epika handia baino, gauza txikiak dira, horiek dira hil ala bizikoak; muxu bat, esku bat, telefono dei bat… hori da une jakin batean salbatuko gaituena eta horri buruzko kantu bat da. Antiepika kantu bat izan nahi du, baina epikoa atera zait (barrez).

Disko-liburua Maite Mutuberriaren ilustrazioek janzten dute.

Bai, Maite Mutuberriaren lanak dena enpastatzen du grafikoki; liburua, diskoa eta zuzenekoetan ere erabiliko ditut bere irudiak. Bideoklipa Odei Barrosok egin du Maite Mutuberriaren ilustrazioekin. Zoragarriak dira. Oso pozik nago zenbat jendez inguratu naizen, musikarien lana, kolaboratzaileen borondatea, Elkarren laguntza… Inoiz ez nintzen egon proiektu baten erdigunean ni neu, Jon Maia, eta batzuetan larrituta eta lotsatuta sentitzen naiz. Ardura handia ere sentitzen dut, erabaki guztiak nik hartu behar ditut, nik jarri behar ditut gauzak martxan… Nire ibilbidean hau bada jausi bat, izen eta abizenekin agertzea. Oraingoz zuzeneko hiru emanaldi ditugu lotuta: Donostiako Victoria Eugenia antzokian abenduaren 29an; Bilboko Arriagan urtarrilaren 6an eta, azkenik, Zumaian, urtarrilaren 7an. Hiru horiekin abiatuko gara. Hau dena kudeatzea niretzat ikasketa prozesu bat da.

Zure bizitzak 3 minutu eta 42 segundo irauten ditu eta oraintxe bertan, kafe honen bueltan gaudela, zuk zeuk idatzitako abesti bat entzuten ari gara tabernan...

Askotan gertatzen zait! Autobusean sartu eta nire kantu bat, parrandan nabilela, manifestazio batean… Nire kantu batekin topo egiten dudanean hor zehar, lagun zahar batekin topo egitea bezala da. Hor agertu da eta hor jarraitzen du bueltaka, bizirik. Ni joango naiz eta kantu horiek hor jarraituko dute. Bitartean gertatuko dira iraultzak ala ez, eroriko dira gobernuak ala ez, gatazkak eta borrokak egongo dira, baina kantuak jarraitu egingo du, milaka urtetan egin duen bezala.