Maitane Aldanondo
Entrevista
Asier Amondo Gorostizaga
Korrikako arduraduna
Asier Amondo, Donostiako Antiguako euskaltegiaren atarian.
Asier Amondo, Donostiako Antiguako euskaltegiaren atarian.
Andoni Canellada (FOKU)

«Guztion artean, bide onean jar dezagun euskararen etorkizuna»

Euskararen aldeko aldarria 22. aldiz kalera ateratzeko egun gutxiren faltan elkartu da NAIZ Asier Amondo (Laudio, 1969) Korrikaren arduradunarekin. Azken ukituengatik urduri, baina euskaltzale gehienen moduan, gogotsu. Urtebeteko atzerapenarekin, bueltan da milaka herritar batuko dituen ekintza.

Ate joka, badator 22 Korrika. Urduri?

Kirioak dantzan. Igartzen da azken aldapa, eta, egia esan, gustura, jasotzen ari garen harreragatik. Badirudi Korrika hau ere oso handia izango dela; alde horretatik ez daukagu kexarik. Azkeneko zulotxoak-eta tapatzen etxe barruan Korrikari dagokionez, baina pozik eta ondo, gustura.

Iazko hutsunea dela eta, urtebete gehiago izan duzue prestatzeko...

Bai, baina oso berezia izan da. Azken batean, ez Korrika bat, lau Korrika prestatu ditugu. Ibili gara pandemiaren gorabeherekin, diseinatu ditugu gauza ezberdinak... Neurri handi batean bagoaz betiko Korrika egitera, eta hori da nahi genuena. Erabaki genuenean bertan behera utziko genuela, gauza asko eginak genituen; kajoian sartu, eta esan genuen Korrika berriro abiatzean aterako genituela. Berezia izan da, zaila izan da, neketsua izan da, eta nahiz eta gauza batzuk eginak genituen, Korrika hau ere niri luze egin zait.

Erabaki zaila izango zen iaz ez egitearena. Nola eragin dio pandemiak Korrikari?

2021a genuen helburu eta ezin egin izanak uste dut guztioi eragin digula; pertsonalki, erabaki traumatiko bat izan zen. Covida zela eta ez zela, ez zegoen inongo bermerik Korrika egin ahal izateko. Sasoi horretan oraindik ezin gintezkeen mugitu herrialde batetik bestera, herritik ezin zen atera, gauez ezin ibili... Egun dauden neurriekin, Korrika, berez, normaltasun osoz egin ahalko genuke. Maskarak ez dira erabili behar kaleetan, baina argi daukagu abisuak eman beharko ditugula momentu jakin batzuetan distantzia mantentzeko, eta ezin bada, maskara janzteko. Horrelako abisu batzuk bota beharko ditugu furgonetatik eta esan beharko diogu jendeari elkar zain dezatela eta nork bere burua zain dezala.

Azken Korrikak oso jendetsuak izan dira, 2019 urtekoa bereziki. Aurten ere nabarituko da hori?

Uste dut handiagoa izango dela. Zergatik? Jendea gogotsu dagoelako. Kalean egoteko gogo da, errepidean egotekoa, Korrika bizitzekoa... Eta herrialde desberdinetatik jasotzen ari garena horixe da. Kilometroak jada beterik ditugu, ez daukagu lekurik jendea sartzeko. Inoiz baino lehenago eta inoiz baino gogotsuago dabil jendea Korrika egiteko; horregatik diogu Korrika hau ere handia izango dela.

Jendetza batzen du, baina aurrerapausoak ematea falta da. Hain zuzen ere, «Hitzekin» leloa aukeratu duzue, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela adierazteko.

Hiru mugarri ditugu aurreko Korriketatik. 20. Korrikan Santiago zubiko kilometroa egin genuen, aldekotasuna adierazi genuen eragile ezberdinok, instituzioek... Jende asko bildu genuen hortxe. 21. Korrikan konpromisoaren ekitaldiak egin genituen Albaolan eta Bastidan. Oraingo honetan apur bat harago goaz. Nahi duguna da nork beretik, nork bere erritmoan, nork bere ahalmenaren arabera ekintzak planeatzea. Ekintzak, euskarak biziraupena izan ahal izateko eta aurrera egin dezan. Uste dugu konpromisoen eta horrelakoen sasoia pasatu dela eta ekintza zuzenak planteatu behar direla euskarak aurrera egingo badu. Guztion artean, elkarrekin eta auzolanean, nork bere erritmoan, baina bide onean jar dezagun euskararen etorkizuna.

Aurtengo ekitaldien baitan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu dituzue. Zergatik aukeratu dituzue pertsonaiok?

34 urte dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots Euskal Herrian  bueltaka dabiltzala, Korrikaren moduan. Kultur sortzaile edo eragile batzuek 34 urteko biziraupena izatea Euskal Herrian... urte asko dira. Euskaraz aritu dira urteotan, gainera, modu transbertsalean erabili dute gauza askori buruz hitz egiteko, ez soilik euskarari buruz. Transbertsaltasun horretan ere lortu dutena da transmisioan eragitea, ume eta gurasoen artekoan eta guraso eta umeen artekoan. Pentsatzen genuen pertsona eta kolektibo egokia zela omentzeko egindako ibilbideagatik eta ez delako erraza euskaraz aritzea 34 urtez herri honetan.

Korrika Kulturala birdefinitzeko beharra mahaigaineratu duzue aurtengoan. Korrikak berak, mobilizazioak, halakorik behar al du?

Beti birplanteatzen dugu. Balantzea egiten dugunean dena birplanteatzen dugu, dena berrikusten dugu eta dena berraztertzen dugu, ikusteko gauza batzuk bide onean jarri behar diren edo beste batzuk bazter utzi behar diren. Bada beti zerotik abiatzea ia-ia Korrika bat amaitu eta hurrengoa hasten denean. Herri gehiagotatik pasatzeko eskaera badaukagu, luzatuko dugu? Orain arte ezezkoa izan da. Ez dugu pentsatzen gehiegi luza daitekeenik, bestela, igual galduko luke gaur egun duen birtualitate hori.

«Beti saiatzen gara ibilbidean toki berriak sartzen eta beste batzuk errepikatzen»

Amurrion hasi eta Donostian amaituko da. Zer nabarmenduko zenuke ibilbideaz?

Aspaldi pasatu ez den leku berriak egongo dira: Gipuzkoan, Altzo; Bizkaian, Zierbena; Nafarroan, Izaba eta inguru hori guztia, Zarrakaztelu ere bai, urteak eta urteak pasatu barik. Aurten, Araban, Errioxa alde batera utzi behar izan dugu, eta Iparraldean Bokalera helduko da aspaldiko partez... Korrika betikoa da, beti saiatzen gara ibilbidean toki berriak sartzen eta beste batzuk errepikatzen...

Dirudiena baino zailagoa da antolatzea, ezta?

Bai. Lehentasunak markatzen ditugu ibilbidea egiten hasten garenean eta begiratzen dugu euskaltegiak ditugun guneetatik pasatzea, hiriburuetan ordu onean sartzea eta beste hainbat kontu. Puzzle horretan beste guztia egokitu behar da, jakinik 11 egun ditugula hori guztia egiteko.

Ezin, denak pozik utzi...

Betikoa, pasatzen bada jendea pozik dago, gauez pasatzen bada, apur bat muturra okertzen du... Gero, badaude pasatzen ez garen hainbat leku eta horiei beti barkamena eskatzen diegu, baina badakigu 11 egun eta 10 gauetan 2.200 bat kilometro egin ditzakegula eta ezin gaitezkeela leku guztietara heldu.

Amaiera ekitaldia ondo gordetako sekretua da. Zer aurrera dezakezu?

Kilometro ikusgarria izango da, jende asko egongo da. Eszenatoki gainean jakingo dugu lekuko barruko mezua nork idatzi duen, eta horraino. Korrikak sekretu asko ditu eta hori oso ondo mantentzen da. Pentsa, non hasi eta non amaituko den 500 lagunek zekiten orain dela hiru urte eta nahiko sekretua izan zen azaroaren 17ra arte. Lekuko barruko mezuarena sei lagunek dakigu eta hori ere oso ondo gordeko da.