«Unibertsitate ibiltariaren» azken ofizialtasun aldarria
2001ean antolatu zuen lehen aldiz ESAITek euskal selekzioen aldeko mendi martxa, “Bai, Euskal Herriari” ekimenaren testigua hartuta. 20 urte pasa dira eta «zikloaren amaiera» iritsi delakoan daude antolakuntzatik. Gizartean «su txikia» piztuta dagoela konbentzituta, hauspotzea falta dela uste dute.
Lotan dagoela dirudi, jendeak gutxi hitz egiten du, kamiseta gutxiago ikusten dira... Baina niretzat ez da egiazko paisaia: sua hor dago, baina hauspotu egin behar da apur bat». Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldarria gaur egungo gizartean nola dagoen deskribatzen saiatu da Txiki Falero, NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan.
Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxaren aitzindari da Falero. 2001. urtean antolatu zuen ESAITek aurrenekoz astebeteko mendi ibilbidea, “Bai, Euskal Herriari” ekimenari testigua hartuta: «Asmoa zen urtero eragile ezberdinek antolatzea, baina guk hartu genuen lekukoa eta orduz geroztik gu aritu gara». Zikloaren amaiera iritsi den arte. 2022ko mendi martxa azkena izango da –uztailaren 30ean Ajangizen hasi eta abuztuaren 6an Getarian bukatuko da–; bai, behintzat, orain ulertzen dugun formatuan eta gaur egungo antolakuntza taldearentzat. Zenbait arrazoik eraman dute erabaki hau hartzera, eta ESAITen desagerpenaren geroztik, «aterkirik gabe» ibiltzeak ere nolabaiteko higadura ekarri du. Txumai Iturriaren hitzetan, «diskurtsoa lausotu egin da». 2013tik, Faleroren lekukoa hartuta, Txumai Iturria dabil antolatzaile lanetan eta onartu du «beti pentsatu izan» dutela ESAITen desagerpenaren ondoren, erreleboa hartuko zuen mugimendu sendo bat osatuko zela selekzioaren auzia oinarri hartuta, «baina tamalez ez da hala izan». Hala, «aterki hori gabe, nolabait, funtzioa galdu egin du gure zereginak», iritzi du Iturriak.
«Beti pentsatu izan dut ESAITen desagerpenaren ondoren, erreleboa hartuko zuen mugimendu sendo bat osatuko zela, baina tamalez ez da hala izan» [Txumai Iturria, mendi martxaren antolatzailea]
Izan ere, Falerok ondo gogoratu duen legez, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren auziaren inguruan gizartea «kontzientziatzea» zen beraien helburua. «Pentsatu behar da mendi martxa antolatu aurretik mendi martxari karakterizazio bat ematen ahalegintzen ginela. Behin karakterizazio hori eman, diskurtsoa eman, leloak eman eta abar, hori ESAITeko nazio plazan partekatzen zen», gehitu du Txumai Iturriak.
Gizarte mailako giroa
«Gose handiagoa zegoen, inplikazioa ere bai... Azken finean, mendi martxa sortu zenean helburua zen Euskal Herriko kirol arlo guztietan selekzioa izatea eta ofizialtasuna», azaldu du Falerok. Egoera hobea zelakoan dago, ESAITen lanaz gain, gizarte mailako giroa ere pizgarria baitzen. «Mendi martxa ez da soilik zortzi egun pasatzea; mendi martxa askoz gehiago izan da betidanik. Hilabete batzuk lehenagotik batu, batzordean elkartu, alderdi politikoekin elkartu, eragileekin elkartu...»; itzalpeko lanketa handia zegoen, alegia. Itzalpeko lana, baina, era berean, herriarentzat pizgarri zena.
Alta, Falerok gako bat eman du: elkarlana. Erakundeetan gehiago egin daitekeela eta «kontuak motel» doazela aipatu du, baina nabarmendu du «lurra astindu» ere egin behar dela. «Zerbait balego, zerbait antolatzen bada... Eta antolatu beharko da; ni konbentzituta nago, ez dago besterik. Noizbait, nonbait, norbait konturatuko da hemen inbertsio bat egin behar dela; ez naiz esaten ari inbertsio ekonomikoa: ez bada bultzatzen, berak bakarrik bidea egitea zaila da».
«Egin diren inkestek argi adierazten dute euskal gizartean badagoela euskal selekzioen ofizialtasunaren aldekotasuna. Aktibatzea falta da»
«Nik parekatuko nuke erabakitze eskubidearen aferarekin. Hil hasieran Pirinioak argiztatu genituen, baina erabakitze eskubidearen gaia ere lehen planotik aldendu egin da. Horrek zer esan nahi du? Ez daukala lehentasunik, jendearen subkontzientean ez dagoela? Ez: horrek esan nahi du baliabideak sortu behar direla jendeak benetan horri heltzeko. Egin diren inkestek, soziometroarenak eta abarrek, argi adierazten dute euskal gizartean badagoela euskal selekzioen ofizialtasunaren aldekotasuna. Aktibatzea falta da eta hori denok elkarrekin egin beharra dago», berretsi du Iturriak.
Euskal Herriaren ezagutza
Hogei urtek hainbeste bizipenerako eman dute, nola ez, baina batez ere «unibertsitate ibiltaria» izan delakoan dago gaur egungo antolatzailea. Euskal Herria ezagutzeko, hainbat paraje, hainbat borroka, ezagutzeko baliabidea izan da mendi martxa. Iturriak zehaztu du, gainera, ESAITen desagerpenaren ondotik, are indar handiagoa eman nahi izan zaiela beste hainbat gairi, ofizialtasunaren iparrorratzarekin: zentral nuklearren auziari kostaldean, memoria historikoari Larraga eta Kaseda zeharkatzean, preso politikoen afera...
«Mendi martxa zenbaitentzat oporrak egiteko oso aukera merkea ere izan da. Dena batzen du aldarri baten aterkipean», gehitu du Falerok. Orain, amaierara iritsi da eta «ospakizun» moduan hartuko dute azken edizio hau. Kontziente da «jarraitu jarraitzearren» egin zitekeela, «baina zergatik eta zertarako?» itaun egin du. «Bere garaian emandako aberastasunagatik bizirauteak ez dauka zentzurik», bere iritziz. «Kito: eman du eman beharrekoa. Jakin behar da, garaia iristen denean, albo batera egiten, ondoren zerbait berria sortzeko», nabarmendu du.
Zortzi eguneko ibilbide oparoa eratu dute; Ajangizetik Getariaraino egingo da zeharkaldia
«Azkena izate honek ezaugarritzen du aurtengo mendi martxa», adierazi du Txumai Iturriak. Datorren larunbatean, uztailaren 30ean, abiatuko da Euskal Selekzioaren aldeko azken mendi martxa Ajangizetik eta zortzi egun geroago, abuztuaren 6an, Getarian izango du helmuga. Pandemiaren ondotik, bi urte geroago, Euskal Selekzioaren aldarrikapenak mendiak eta herriak zeharkatuko ditu, 20 urteko ibilbidea amaituz.
Oraindik ere izena emateko epea irekita dago –hasiera egunera bitarte egongo da izena emateko aukera–. Mendi martxaren webgunean (www.mendimartxa.eus) edo telefono honetara deituta eman daiteke izena: 658 740 772. Txumai Iturriak adierazi duen bezala, bakoitzak nahi duen moduan har dezake parte; hau da, ez da derrigorra zortzi etapak egitea: «Egin daiteke etapa bat, hiru... nahi beste».
Aipatu legez, Ajangizen hasiko da ibilbidea, eta Bolibarren bukatuko da lehendabiziko etapa. Bertan, pentsatua dute jada «Bolibarren museoa, desanexioaren gaia eta abar aipatzea». Bigarren egunean, Durangoraino joango dira, «euskal kulturan erreferentzia» den herriraino, «azoka eta beste hainbat kontu direla eta». Hortik, Otxandiora joango dira hirugarren etapan, eta laugarrenean, Arabara sartuko dira, etapa Aramaion bukatuz. Bosgarrenean, abuztuaren 3an, Bergara izango dute helmuga; ondorengoan, Azkoitia, eta azken gaua Zestoan pasatuko dute, Getariara eramango duten azken etaparen aurretik, abuztuaren 6an.
Aipatu herrietara «garaiz iristea» bada martxaren helburuetako bat eta Iturriak nabarmendu du «erritmo ezberdinetara egokitzen» direla, inor atzean gera ez dadin. «Gozatzera» doaz, «ustez ongi eginiko lanaren fruituak jasotzera».