Euskal jatorriko marineak II. Mundu Gerran
Zer irudikatzen duzu «marine» hitza entzuten duzunean? Zein da «euskalduna» berbak proiektatzen dizun irudia? Izan daiteke marine bat euskaldun? Eta euskaldun marine? Zergatik zaizkizu errealitate batzuk hain ezagunak eta beste batzuk hain arrotzak? Gerrak bezain zaharrak dira errelatoen batailak.
Erraz irudikatuko duzu eszena: gerran zendutako soldadu estatubatuarraren hilkutxa lurperatzera daramate hobi-banderan bilduta. Zinemak eta literaturak muineraino errotu eta harrotu dizute iruditeria kolektiboa. Banderak trapuak baizik ez dira haizerik ez dabilenean baina, iparretik ez bada hegotik, beti jotzen du oharkabeko brisa fin batek. Gerra, nazionalismoa, pertenentzia-sentipena... Grisen ñabarduretan ehuntzen diren zuri-beltzeko narratibak dira. Historia pertsonek egiten dute, ordea, azalpean beraien zirkunstantziak, emozioak, ideiak, beldurrak eta ametsak daramatzaten zu eta ni bezalakoek.
Halakorik pentsatuko ote zuten, orain zortzi urte, memoria historikoa langai duen Sancho de Beurko elkarteko kideek ‘Fighting basques’ egitasmoa abian jarri eta II. Mundu Gerran parte hartu zuten euskal jatorriko soldadu amerikarrak identifikatzeari eta beraien biografiak osatzeari ekin ziotenean? «Dagoeneko gerra basati hartan borrokatu ziren euskal jatorriko 1.600 soldadu amerikar zerrendatuta dauzkagu eta horietako 1.100en biografiak zehaztuta», esan du Pedro J. Oiarzabal ikerketaren arduradunak. Estatu Batuetako 50 estatuetako 46etako datuak artxiboz artxibo miatu eta antolatu osteko behin-behineko emaitzez mintzo da. Bizpahiru urte barru espero dira zifra definitiboak.
Ikerketa handiek, ezagutza-eremu ezezagunak ez ezik, leiho berriak bistaratzen dituzte begia non jarri dakitenentzat. Hala, datu-bilketarekin hasi orduko, ohartu ziren marineetan jardundako euskal jatorrikoak beste kupel bateko sagardoa zirela. «Asko kostatu zaigu marineen arrastoa topatzea; baliteke oraindik bat edo beste eskas izatea, baina 48 euskal marine identifikatu ditugu jada, Pazifikoko Gerran borrokatu zirenak gehienak», azpimarratu du Oiarzabalek. Ez zuen askoz gehiago behar izan Galder Gonzalez komunikatzaile eta wikilariak amuari hozka egiteko: «48 biografia horietan oinarritutako wikidata bat prestatzen hasi ginen, zegoen informazioa osatzen eta xehetasun berriak biltzen». Horri esker euskal wikipediako artikuluak zuzendu eta moldatu ahal izan dituzte, baita sarrera berriak sortu ere. «Pazifikoko Gerrari buruzko artikuluak hobetzea hartu genuen helburu. Zergatik? II. Mundu Gerraz dugun erreferentzia nagusia Frantziako bataila izan ohi delako; Hego Euskal Herrian hori ere ez askotan. Pazifikoko frontea japoniarren eta estatubatuarren arteko gudatzat saldu digute beti, baina hara non, euskaldun jatorriko marineak borrokatu ziren bertan».
PAZIFIKOKO GERRA (1937-1945)
Japoniako Inperioaren lehen erasoen aurrean, Aliatuak ez ziren besoak gurutzatuta geratu. Beraien lehentasuna Europan Alemania nazia garaitzea bazen ere, Estatu Batuetako indar industriala lagun, uhartez uharteko gerraren pultsuari eutsi zioten. Irla horiek airez eta itsasoz bonbardatzen zituzten lehenik, lurreko unitateak, tartean marineak, gudura sartu ahal izateko gero.
Testuinguru odoltsu hori suertatu zitzaien euskal jatorriko marineei ere. Esaterako, Marineen lehen dibisioan bost euskal marine zeuden, bigarrenean hamahiru, hirugarren dibisioan bi, laugarrenean bost, bosgarrenean bakarra eta seigarren dibisioan bi. Beste bederatzi euskal jatorriko marineek abiazioan jardun zuten, horien artean 1967tik 2003ra Idahoko Estatu idazkaria izan zen Pete Cenarruza zenak.
Beraien dibisioaren patuari jarraiki, besteak beste, Gloucester Lurmuturreko, Talaseako, Peleiluko, Okinawako, Iwo Jimako, Guadalcanalgo, Tiniango edo Tarawako batailetan astindu behar izan zituzten armak. Ez zuten denek zori bera izan. Hala, Laurence Urizalqui Zalba sarjentu izatera heldu zen, John Salaberry Berra sarjentuari Zilarrezko Izarra esleitu zioten Guadalcanalgo borrokan kide bat salbatzeagatik, Bernard Elissagaray Amesttoy eta Albert Pagoaga Yribar zauritu egin zituzten Tinian eta Iwo Jimako guduetan... Baina gerrak ez du barkatzen, hil egiten du, eta bost euskal marinek ez zuten salbu itzultzerik lortu: Philip Olano Hernandez hegazkin-instruktoreak eta Sebastian Garde Bacak Tarawako frontean eman zuten azken hatsa, Lawrence Erburu Sarzottik Sapaingoan, eta Lawrence Amoriza Guerricabeitiak zein Felix Ordoquihandy Barthelemyk Okinawan.
48 euskal marineetatik bost hil izana datu esanguratsua dela dio Oiarzabalek. «%4koa da II. Mundu Gerran hildako marineen ehunekoa; euskal marineena, aldiz, %10,4koa». Zergatiaz galdetuta, ez daukala migrazioarekin zerikusirik uste du ikerlariak. «Urepelen sortu eta umetan Estatu Batuetara emigratu zuen Andre Iratçabal Coscarat eta Mexikon munduratu zen Federico Claberia Maldonado izan ezik, euskal marine guztiak Estatu Batuetan jaioak dira». Azalpen argirik ateratzeko behar beste datu ez daukatela azpimarratzen badu ere, beraien dibisioei egokitutako guduei ala, besterik gabe, zoriari egozten die portzentajea ikerketa-arduradunak. Horren adibidetzat du Felix Ordoquihandyren heriotza. «4.000 marine hil ziren Peleilu eta Okinawako batailetatik bizirik irten zen eta, Okinawako gerra amaitzean, II. Mundu Gerra azkenetan zela, istripu batean hil zen itota».
Esplikazio bila hasita, geografiari erreparatzen dio Galder Gonzalezek. «Bi migrazio-kluster handi daudela ikus dezakegu: Baztan-Aldudekoa eta Lea-Artibaikoa. Horietako gehienak Kalifornian, Nevadan, eta Idahon amaitzen dute, Pazifikoko Gerrara joateko marine gehien erreklutatu zuten zonan. Horixe zen logikoena geografiaren ikuspegitik». Hipotesiak hipotesi, ondorio zehatzik ateratzekotan, euskal marineena jatorri irlandar ala italiarreko marineen heriotza-tasarekin alderatu beharko litzatekeela diote biek ala biek eta, bien bitartean, interesgarriagoa deritzote II. Mundu Gerra euskal ikuspegitik aztertzeari. Oiarzabalek argi du: «Ezin dugu gure historia garaikidearen pasarte esanguratsuenetakoa euskal betaurrekoetatik irakurtzeko aukera alferrik galdu».
EUSKAL BETAURREKOAK
Pazifikoko Gerra kontatzen duten ‘Saving Private Ryan’-en tankerako film amerikar zein britainiar gehienek antzeko protagonistak dituzte: soldadu estatubatuarra, jatorri irlandarrekoa, italiarra... Oiarzabalen aburuz, pertsonaia berri bat eransten diote filmari: «Egitasmo honi esker ez gara soilik zentratzen euskal jatorria bezalako elementu minoritario batean, immigrazioaren atea zabaltzen laguntzen digun euskal migranteen seme-alaben belaunaldian baizik. Oso deigarria da nola sartzen diren indar armatuetara eta nola borrokatzen diren totalitarismoaren aurka gainontzeko estatubatuarren gisan».
Euskal marineen pelikula filmatu beharko bagenu, pertsonaien profila marrazteko orduan, ezinbestez hartu beharko genituzke aintzat ondoko datu biografikoak. Aipatu dugu arestian: 48 marineetatik 46 Estatu Batuetan jaio ziren, bat Mexikon eta bestea Urepelen. Gehienak Atlantikoaz bestaldean sortuak dira, beraz. Alabaina, 30ek dituzte bi guraso euskal herritarrak, 12 dira euskal migranteen bilobak eta euretako zortzik dituzte bi aitona euskaldunak.
Behin honezkero, aitortu egia: irudikatzen ote zenuen euskal marinerik? Zergatik ez? Zer dio gure iruditeria kolektiboak Estatu Batuetara mudatu ziren euskal herritarrez? Ez al ziren denak artzain ala zesta-putan jokatzera joan? Entzun nahi genuena soilik kontatu digute ala nahi genuena baizik ez dugu aditu? Errealitate guztiak kabitu ahal izateko soinekoari josturak zartatzeko garaia da, agian. Bai, batzuk marine izan ziren eta, gerratik bueltan, beste hainbatek legez, ostalaritzatik ala eraikuntzatik atera zuten bizimodua.
Litekeena da zure sinesmenak dantzan sumatu eta marineen euskaltasuna zalantzan jartzea. Eztabaidari berehala mozten dio bidea Gonzalezek: «Beraien hilarriek daramatzaten ikurrinak eta lauburuak ikusi besterik ez dago; identitate-zeinutzat dauzkate». Kontraesankorra badirudi ere, heriotzek salatzen dute zenbait sentipenen bizitza. Hala, euskal jatorriko gudari gehiago identifikatu ahal izateko ezinbestekoak izan dira euskal marine zein soldaduen hiletetako argazkiak. Hilkutxa nork zeraman behatzen hasi eta, beti ez bada maiz, denak ziren euskal herritarrak. Gonzalezentzat «komunitate tinko bezain trinko baten seinalea da hori».
Oiarzabalek mahaigaineratzen duen datuak berresten du Gonzalezek agertzen duen egitatea: «Estatu Batuetan jaioagatik, euskaldunen seme-alabak ala bilobak izaki, %90 euskal hiztunak ziren». Azalpen soziolinguistikoa merezi du ehunekoak. «Etxeko hizkuntza euskara zen eta, familiaren arabera, frantsesa ala gaztelera eman zezaketen, baina baldar. Zortzi-bederatzi urtera arte, ez zuten ingelesik ikasten eskolan eta askok euskaraz hitz egin zuten euren bizitza osoan». Ez dago zalantzarako tarterik: «Euskal komunitatearen indarra begi bistakoa da bai sozialki, bai ekonomikoki, bai kulturalki».
Koadroa osatzera datorren beste pintzelkada bat gehitu du Gonzalezek. «Harrigarria da nola askok bi gurasoak euskaldunak dituzten baina Estatu Batuetan ezkonduak. Zer esan nahi duen horrek? Ez zutela elkarrekin migratu, han ezagutu zutela elkar. Ez zara kasualitatez ezkontzen beste euskaldun batekin, gertu duzun eta ezagutzen duzun norbaitekin ezkontzen zara». Ez dago lepoa jokatu beharrik lagin handiago batek diasporako euskal komunitatearen bizimoduaren erretratua fintzeaz gain, migrazio-patroiak zehaztea eta aberastea ahalbideratuko lukeela ziurtatzeko.
Bitartean, zein den, erretratua findu eta patroia aberasteaz gain, euskal komunitate horren errealitatea ispilatzen duen gerrako istorio humanoa? Euskal marineen artean identifikatutako hiru anaia bikoteena, agian; ala, marineak izan gabe, Okinawan borrokatu ziren eta Oiarzabalek kontatzen duen hiru kideen errelatoa, beharbada. «Hiru kideetako bi erregimentu berekoak ziren eta, Okinawatik bizirik irtetean, gainontzeko gerra-aro guztia pasa zuten hirugarrenarekin kontaktatu nahian, hilda lokalizatu zuten arte».
Euskal komunitatearen barnean, gertutasun-gradu handia zegoen, beraz; elkar ezagutzen zuten, elkarrenganako lotura estua zuten. Denak ez ziren ez artzainak ez pilotariak, gehien-gehienek euskara zuten ama-hizkuntza... Mitoak eraisten hasita, ez al genuke parentesia ireki eta, II. Mundu Gerran, Code Talkers euskaldunak izan zirela dioen uste zabalduari buruz hitz erdirik papereratu behar?
CODE TALKERS EUSKALDUNAK?
Ireki dezagun parentesia, bada. Segurtasuna bermatu eta komunikazio sekretuak bideratzeko aski hizkuntza ezezagunak erabiltzen zituzten unitate berezietako kideak ziren code talkerak ala ‘kode-hiztunak’. Batez ere, hizkuntza amerindiarren bidez pasarazten zituzten pasarazi beharreko mezuak. Ez zebiltzan alferrik 500 marine amerindiar informazioa etsaiak ez ulertzeko gisan transmititzen. Bistan da euskara ez dela hizkuntza amerindiarra, baina orotara, II. Mundu Gerran, 1.600 euskal jatorriko soldadu amerikar baino gehiago jardun zirela kontuan hartuz, zergatik ez zuten erabiliko euskara arerioak ezustean harrapatzeko?
Code talker euskaldunak engaiatzeko erabakia Frank D. Carranza kapitainak hartu eta gauzatu zuela hedatu da urte luzez. Carranzak, Mexikon sortua bazen ere, guraso bizkaitarrak zituen. 1942an, San Frantziskoko Transmisio zentroan ziharduela, milaka soldadugaien artean, euskaraz eta ingelesez ongi moldatzen ziren 60 euskaldun zeudela jabetu zen. Abiapuntu hori du Aliatuentzat euskara pazifikoko guda garrantzitsuenak irabazteko ezinbestekoa izan zela sinetsarazi zuen mitoak.
Bai, mitoa, Oiarzabalek berak, 2017an Guillermo Tabernilla ikerlariarekin batera argitara emandako lanean, eten baitzuen debatea. Batetik, urteekin, inolako ikerketarik egin gabe egunkariz egunkari eta blogez blog sustraitzen eta hauspotzen joan den kondaira zela azpimarratu zuten, ez zegoela code talker euskaldunak egon zirela baieztatzeko datu, dokumentu zein informaziorik. Bestetik, euskara ez zen hizkuntza ezezaguna edo itzulgaitza Ardatzeko Indarrentzat. Esaterako, urte haietan 35 euskal kideko komunitatea zegoen Hiroshiman, ordurako euskal pilotari saldo bat zebilen Txinan zein Filipinetan, eta Falangeak euskararen berri zuten belarriak zituen Asian zehar.
Baina zer gertatzen da Carranza kapitainarekin, orduan? Ez al zuen, Guadalcanalgo sarraskitik bizirik irtenda, Europako kanpainan parte hartu? Ez al zituen, Frantziako lurralde gehienak askatzear zeudela, Irun eta Hendaia arteko nazioarteko zubian Frantziako eta Estatu Batuetako banderak plantatu? Oiarzabalen eta Tabernillaren ikerketaren arabera, Carranza Estatu Batuetako zerbitzu sekretuetako espia baten ezizena besterik ez da, euskal diasporan zein Euskal Herriko mugimendu abertzalean harremanak sortzeko eta lehen eskuko informazioa lortzeko asmatua.
Oiarzabalek berak lagundu digu parentesia ixten. «Errelato historikoa da lehenetsi behar dena, egiaren kontakizuna, ez zenbaitek inposatu nahi duen mitoen errelatoa. Hori bai, denentzat da erosoago errege magoetan sinestea monarkia batean bizi garela ohartzea baino».
ERREGE MAGOETAN SINETSI ALA MONARKIAZ OHARTU?
Inork ez du tiraderan preso geldituko den txostena idazteko ikertzen. Lehendabiziko segundotik hasi ziren Sancho de Beurko elkartekoak egiten zein topatzen zutenaren berri lau haizeetara hedatzen. Pedro Oiarzabalen ustez, II. Mundu Gerrak XIX. mende erditik 1920ra arte emigratu zuen euskal diasporaren lehen bi belaunaldi osoak bisualizatzeko parada eskaintzen du: nondik joan ziren, zertara dedikatu ziren, nolakoa izan zen familia horien igoera soziala... «Interesgarria bezain ezinbestekoa da orain arte ezagutzen ez genituen gure historia hurbilaren pertsonaia zenbait itzalpetik argira ateratzea. Ia-ia Pete Cenarruza zen ezagutzen genuen bakarra, eta ez bere marine ibilbideagatik, ia lau hamarkadaz Idahoko estatu-idazkari izan zelako baizik! Bada garaia errealitate ezezagunagoak zein pertsona anonimoagoak Euskal Herriaren historia komunean txertatu eta estereotipoak hausteko. Bestelako diskurtso eta errelato batzuk eraikitzeko ordua da, ez hain karikaturalak, ez hain banalizatuak».
Halaber, Euskal Wikipediarentzat horrelako egitasmo bat gizarteratzen laguntzea sekulako pagotxa dela dio Gonzalezek. «Wikipediaren arazoetako bat da II. Mundu Gerrari buruzko artikulua berdintsua dela hizkuntza eta herrialde askotan. Ikerketa honi esker gure sarrerei euskal ukitua eman ahal izan diegu, gure komunitatearentzat garrantzitsuak iruditzen zaizkigun xehetasunak ezagutzera eman». Orain arte, artikuluak zuzendu eta osatzeaz gain, egitasmoa bere osotasunean ikusarazteko modelizazioan jarri dute arreta. «Munduko jakintzan badira inportanteak diren ezagutza lokalak. Guretzat esanguratsua den informazioak ez du zertan hala izan beste batzuentzat, baina jorratzen ari garen bideak pistak eskaintzen ahal dizkie tankerako zerbait gauzatzea buruan duten komunitateei».
«Nola liteke orain arte guk honen berri izan ez eta, bat-batean, bataila berean, euskal jatorriko hamaika soldadu amerikar topatzea?», galdetzen du behin eta berriz Oiarzabalek. «Marineena lagin txikia baino ez da. Armada osoaren ikerketa egitera jarriko bagina, guda berean dozenaka euskal jatorridun topatuko genituzke, komunitate elkartu baina heterogeneo baten zati esanguratsu bat».
Horregatik desio du Gonzalezek noizbait wikidatan II. Mundu Gerran parte hartu duten euskal jatorriko soldadu guztiak bildu ahal izatea. «Tokiko hedabideentzat ere informazio baliagarria egon daiteke hor. Historian letra larriz idatzita geratuko diren biografiak ez izan arren, argigarria da zure herri edo eskualdeko jende bati hemendik hara mudatu eta han gerran senperrak pasatzea egokitu zitzaiola deskubritzea». Halako istorioak kontatuko ote zituen Federico Claveria Maldonadok?
FEDERICO CLAVERIA MALDONADO
Gelditu makinak. Nor ote zen Federico Claveria? Arestian azaletik aipatu eta Pazifikoko Gerran korrespontsal jardun zuen euskal marinea da Federico Claveria. 1908an Mexiko Hirian sortua, altsasuarra zuen aita. 1912an, Mexikoko Iraultzaren osteko ezegonkortasun politikoa zela medio, lehenik Texasera eta ondoren Kaliforniara mugitu zen familia osoa. 1930eko hamarkadan Warner Bross Pictures-en lanean zebilela, Marineetan boluntario aurkeztu zen Pearl Harborko erasoa gertatu eta gutxira, baina Estatu Batuetako herritartasunik ez zuenez, ez zuten onartu. 1942an, nazionalitate estatubatuarra eskuratu berri, bigarren saiakera egitea deliberatu zuen. Daltonikoa bazen ere, zinemagintzan zeukan esperientzia baliagarritzat jo eta marineen laugarren dibisioko 24. erregimentuan sartu zen argazkilari, kamera-laguntzaile zein gerra-korrespontsal gisa. Kwajelaingo, Saipango eta Tiniango guduen berri ematea egokitu zitzaion eta Wake atoloiaren kudeaketa japoniarrengandik estatubatuarrengana eskualdatu zeneko ekitaldia dokumentatu zuen. Lau urteko zerbitzuaren ondotik, sarjentu graduarekin lizentziatu zen, ezkondu eta arto-tortilla fabrika bat martxan jarri aurretik. 1994an zendu zen, 84 urterekin, Kaliforniako Santa Barbara herrian.
ORAIN ETA GERO
2023ko martxoan, lehendabizikoz historian, indar armatu estatubatuarretan euskal jatorriko gudariek eginiko ekarpena aitortu du Texaseko lege-ganberaren erresoluzio batek. Ez da hutsaren hurrengoa. Oiarzabalek argi ditu, ordea, egin beharreko hurrengo urratsak. «II. Mundu Gerran orotariko bandoetan borrokatu diren euskal jatorriko soldaduei buruz argitaratu asmo dugun liburuan kapitulu bat eskainiko diegu euskal marine zein soldadu amerikarrei». Anbizio handiagoko proiektu bat ere badu gogoan: «Estatu Batuetan, identifikatu ditugun izen-abizen guztiak biltzen dituen memoriagune bat eraiki nahi genuke. 2026rako inauguratuta egotea espero dugu».
Erraz irudikatuko duzu eszena: agintariak atzora arte ezagutzen ez zituztenen ibilerak eta baloreak euren mesederako goraipatzen, hedabide ofizialak desitxuratutako iruditeria kolektiboari komenientziazko forma ematen eta banderak... Banderak trapuak baizik ez dira haizerik ez dabilenean baina, iparretik ez bada hegotik, beti jotzen du oharkabeko brisa fin batek. Historia pertsonek egiten dute, ordea: gerrara joan zirenek, zain geratu behar izan zutenek, gerrari itzuri egin ziotenek, azalpean beraien zirkunstantziak, emozioak, ideiak, beldurrak eta ametsak daramatzaten zu eta ni bezalakoek.