Manex Altuna
Jesus eta haren lobak Raul Garciarekin San Mamesen.
Jesus eta beren lobak Raul Garciarekin San Mamesen.
Legarretaetxebarria familia

Ehun urte ospatzeko, Raul Garciaren bisita etxera eta San Mameseko ohorezko palkora

Jesus Legarretaetxebarriak eta haren lobek ez dute inoiz ahaztuko Raul Garciak egindako opariak. Izan ere, ehun urteak ospatzeko Fruizko etxera eraman zion elastiko zuri-gorria eta, gero, San Mamesera gonbidatu zituen. Hain zuzen ere, Osasunaren aurkako derbian, nafarra omendu zuten egunean.

Raul Garciak erretiroa hartuko du denboraldi amaieran, eta igande honetan azken partida jokatu dezake Sevillaren aurka San Mamesen. Denboraldiko azkena izango da Athleticentzat etxean, agur esateko eguna Iker Muniainentzat ere.

Raul Garciari errespetua eta maitasuna erakutsi diote igaro den hiru klubetan. Esaterako, Atleticori egindako azken bisitan, «gutariko bat» gisa izendatu zuten, eta Osasunak eta Athleticek omenaldia egin zioten San Mamesen jokatutako azken derbian. Gorritxoen ordezkari moduan kapitain izandako Patxi Puñal izan zuen alboan, eta zuri-gorrien partetik Carlos Gurpegi egon zen. Nafarraren seme-alabak eta emaztea ere egon ziren zelaian, egun pare bat aurretik egindako agerraldian nabarmendu zuen sendiaren garrantzia agerian utziz.

Fruizen ere beti izango dute gogoan Raul Garciak izandako keinua. Batez ere, Legarretaetxebarriatarrek. Familia oso ezaguna da, Mungia eta Gernika artean kokaturik dagoen Bizkaiko herri txiki horretan. Erdigunean daukate etxea, eta han egoten da aitxitxe Jesus. Joan den azaroan Athleticen herriko peñaren inaugurazio ofiziala egin zuten probalekuan, eta talde zuri-gorriaren ordezkaritza bat hurbildu zen bertara. Besteak beste, han egon ziren Andoni Goikoetxea jokalari ohia, Manolo Delgado prestatzaile fisikoa izandakoa, emakumezkoen taldeko Nerea Nevado eta Paula Arana, eta gizonezkoen lehen taldeko Vivian eta Raul Garcia.

Jesusen lobetako bat den Ugaitz Orbe Legarretaetxebarriak azaltzen duenez, hotz egiten zuen eta bere aitxitxek ezin izan zituen jokalariak zuzenean agurtu. Horregatik, etxera joan zitezkeen galdegin zieten eta arazo gabe onartu zuten. Hala, gogora ekartzen du Goikoetxea atetik sartzen ikusi zuenean Jesusi begiak «argiztatu» egin zitzaizkiola, eta Raul Garciarekin hizketan egon zela «poz-pozik».

Agurtzean, hurrengo egunean etxean egon behar zuen galdetu zuen nafarrak, eta familiakoek zerbait bidaliko zuela pentsatu zuten. Baina, inori ezer esan gabe, Raul Garcia agertu zen. Athleticekin entrenamendua amaitu ostean, Lezaman kotxea hartu eta Fruizera joan zen Jesusi kamiseta bat eramatera. Udaberrian, denboraldi amaierarekin batera, San Mamesera joateko gonbidapena ere helarazi zion, baina hor geratu zen ezer zehaztu gabe.

Jesus, San Mamesen Osasunaren kontrako derbia ikusten. (Legarretaetxebarria familia)
Jesus, San Mamesen Osasunaren kontrako derbia ikusten. (Legarretaetxebarria familia)

«Oso keinu polita izan zen», azpimarratzen du Ugaitzek. Era berean, onartzen du «harrituta» geratu zela Raul Garciak erakutsitako «hurbiltasunarekin». «Ez nuen pentsatzen horrelakoa zenik, beste iritzi bat neukan bere inguruan», dio.

Izan ere, Athleticen zale gehienoi antzeko zerbait gertatu zaigu Raul Garciarekin. Zelaian edo telebistan ikustean ematen duen irudia oso bestelakoa baita. Epaileekin eta aurkariekin ika-mikak izaten zituen sarri, eta oso lehiakorra eta jokalari gogorra zela erakusten zuen. Batez ere, Atleticon egin zituen sasoietan nolabaiteko ezinikusia pizten zuen Bilbon.

Dena den, elastiko zuri-gorria jantzi zuenetik sekulako maila erakutsi du Athleticen, eta zale guztien onespena jaso du. Horrez gain, langile nekaezina izan da, eta haren nortasuna eta izaera oso garrantzitsua izan da aldagelan. Azken denboraldian gutxi jokatu arren, Kopako finalean erabakigarria izan zen eta ez zuen hutsik egin penalti jaurtiketarekin.

Titulua irabazita, Legarretaetxebarria familiak zorion mezu bat bidali zion Raul Garciari, eta nafarrak segituan erantzun zien gogoratuz San Mamesera joateko gonbidapenak mahai gainean jarraitzen zuela. A ze kasualitatea! Jesus, azken aldiz egon zenean Katedralean, Raul Garciak debuta egin zuen Athleticekin eta gola ere lortu zuen. Bederatzi urteren ostean, nafarraren omenaldiaren egunean izan zen.

Lander, bosgarren loba zapian

Horrela, lau loben laguntzarekin palkora joan ziren Jesusen ehun urteak ospatzera. Orain dela urte pare bat hildako bosgarren loba zen Lander ere gogoan izan zuten. Haren itzalarekin egindako zapia eraman zuten guztiek. Ohikoa da, oroigarri gisa Fruizkoek soinean eramatea festetara edo mendira joaten direnean, eta San Mamesen ere gogoan izan zuten.

Opari ahaztezina zen futbol zale familia batentzat. Hain zuzen ere, Iker Legarretaetxebarria Athleticen harrobian aritutakoa baita, eta Bilbao Athleticera iritsi zen. Ugaitz Orbe Legarretaetxebarria, berriz, Gernikarekin jokatutakoa da Hirugarren Mailan.

Gainera, egun berezia izan zen Katedralean, eta palkotik egon ziren Ron Perlman aktorea eta Sevillako finalean zale zuri-gorriek ezkontza batean lausengatutako bikotea. GARAko zuzendari Iñaki Soto eta EH Kirolako ordezkariak ere handik egon ziren denboraldiko azken derbian.

Legarretaetxebarria familikoek Jon Uriarte presidentearekin hitz egiteko aukera izan zuten, eta baita Iribarrekin ere. Mito zuri-gorriarekin egon zirenean, Jesusek aipatu zion Basconian jokatu zuen urtean ezagutu zuela.

Partida amaitu ostean, Raul Garcia hurbildu zitzaien agurtzera eta bizikletan ibiltzeko maillot bat oparitu zioten esker onez. Berbetan zeudela, nafarrak ondokoa esan zion Jesusi: «Orain futbola uzten dudanean, zure etxetik pasatzen naizenean gonbidatuko didazu kafe bat hartzera, ez?».

Nolakoa den ikusita, ez luke harridura sortuko Raul Garcia berriro Fruiztik ikustea. Edo beste edozein tokitan. Izan ere, derbiaren biharamunean hamabi kilometro korrika egitera joan zen, eta amaitzean bi dozena txurro eta txokolate litro bat erosi zituen Iker eta Irune Palacios neba-arrebek Getxoko Andra Marin egun hauetan izan duten postuan. Horrelakoa da Raul, futbolari handi bat baino askoz gehiago.

Jesus eta beren lobak Iribarrekin ere egoteko aukera izan zuten San Mamesen. (Legarretaetxebarria familia)
Jesus eta beren lobak Iribarrekin ere egoteko aukera izan zuten San Mamesen. (Legarretaetxebarria familia)