Kazetaria / Periodista
Entrevista
Jagoba Arrasate
Futbol entrenatzailea
gara-2024-07-19-Entrevista
Gorka Rubio FOKU

«Pertsona eta irakasle naiz, entrenatzaile baino lehenago»

Aste batzuk badaramatza Jagoba Arrasatek Mallorcan, futboleko eguneroko eroan murgilduta. Osasunan sei urteko ziklo distiratsua osatu ostean iritsi da hara. Bere agurraren zergatiak eta bizipenak azaldu dizkigu, hamarkada bateko oroitzapenak bezala.

Urteko 10 hilabetetan izaten ez duen bakea dauka Itziarren Jagoba Arrasatek (Berriatua, 1978). Jaioterriaren eta Hiart emaztearen herriaren artean ematen ditu udak, hiru seme-alabekin. Inoiz ikusi gabeko agur hunkigarria jaso zuen Iruñean, Osasuna uztea erabaki ostean, eta Mallorcan segituko du bere bidea. Futbolaz mintzatu da dezente, Jagoba entrenatzaileaz, baina oparoago Jagoba pertsonaz; Jagoba irakasleaz. Pertsona normaltzat baitu bere burua: «500 prentsaurreko eman ditut Iruñean, tamainako elkarrizketa pertsonalak egitea gozamena da niretzat, ihesbidea», hitzekin agurtu du solasaldia.

Zer moduz, Jagoba?

Ondo, lasai, eta aldi berean gogotsu.

Nolakoak izan dira lehen asteak Mallorcan?

Nahiko intentsoak. Lehen harremana positiboa izan da, baina gauza asko lotu behar dira: umeen eskolaratzea, erroldatzea… gauza horiek guztiak ordenan jarri arte ez zara lasai geratzen, eta horretan gabiltza buru-belarri.

Zergatik Mallorca?

Denok nahi dugu proiektu on bat, baina ez da erraza aurkitzea. Hiru urteko benetako proiektua da, aukera ona. Familiari garrantzi handia ematen diot, badakit han ondo egongo direla. Behin Osasuna utzi ondoren, nire ustez, Mallorca da hartu genezakeen proiekturik onena.

Donostia eta Soria ere utzi zenituen, baina orain Iruñea, Osasuna eta Nafarroa… Nola ikusten duzu Iruñean gertatu zena, hotzean?

Gaitza da Osasuna, Iruñea atzean uztea. Noizean behin halako flash-ak etortzen zaizkit gogora. Mudantza egiten aritu garen honetan gauza batzuk eraman ditugu Mallorcara, besteak Itziar-en utzi: argazkiak, opariak… Ez da erraza gurpil horretatik irtetea, baina oso zoriontsu izan gara. Gure ogibidean tamainako agurra edukitzea pentsaezina da, eta agurrekoa oso egun berezia, polita izan zen, luze gogoratuko dudana. Kutsu euskalduna izan zuen, gainera, agurrak, eta hori Iruñean egin ahal izatea guretzat oso garrantzitsua da.

Nola hartu zenuen erabakia, norekin?

Erabakia oso pertsonala izan zen. Bittor Alkizak eta talde teknikoko beste kideek ez zuten nire erabakian eraginik eduki nahi izan. Askatasunez erabakitzea nahi zuten. Buruarekin hartutako erabakia izan zen, ez bihotzarekin. Bihotzarekin hartu izan banu Iruñean segituko genuen, oso ondo egon garelako ni eta nire familia; hiriarekin genuen lotura sentimendua benetakoa zen. Beste edozeren gainetik Iruñetik ondo irten nahi nuen, eta banuen susmoa han jarraitzea erabakiz gero gauza batzuk ez zirela berdinak izango; okertzeko arriskua izango zela, eta taldea uztea erabaki nuen. Hiart emazteari esan nion aurrena, eta gero Bittor Alkizari.

Zenbaitek esan izan dute akaso urtebeteko etena egin, taldeko hauteskundeak egin eta hurrengo denboraldian bueltatuko zinela. Halakorik pasatu al zaizu burutik?

Ez, ez. Niri ere esan didate hori, pentsatzen dutelako Osasunarekin haserretuta nengoela, edo beste zuzendari edo presidente batekin bueltatzeko prest egongo nintzatekeela. Ez da hortik joan erabakia. Gerta zitekeen Osasuna utzi, eskaintza batzuk jaso, eta horiek gustuko ez izatea; epe bat entrenatzaile izan gabe egotea, baina nik Osasuna utzi ostean garbi nuen nire bidea egin behar nuela; ez nuela kluba ateari danbateko bat emanda utzi nahi. Atea erdi irekita utzi dut, noizbait itzuli ahal izateko, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.

Kanpotik ez da erraz ulertu, Jagoba: halako konplizitatea, batasuna, zaleekin, jokalariekin, zuzendaritzako kide ia guztiekin… Azalpenen bat eman nahi zenuke?

Jende askok esan dit hartutako erabakia ez dela normala, eta atzetik zerbait badagoela, baina eman beharreko azalpenak eman nituen bere garaian, eta gero jendeak nahi duena ulertu edo interpretatuko du.

Dena den, a ze sei urteko epea. Bilatu eta bilatu, ez da halako batasun giro onik bilatzen inon.

Sinatu genuenean bagenuen harremana ondo joango zelako konfiantza, Nafarroako gizartea, kluba, Taxoare harrobia ondo ezagutzen genituelako. Ametsik onenean ere ez genuen halako aro oparorik espero, emaitzetatik harago: batasuna, konplizitatea… ez dakit nola lortu dugun, baina modu naturalean gertatu da.

Nafarroako jendarteko pentsaera guztietako jendeak egin ditu zure jardunarekiko errespetu eta eskertza aldarriak. Bat aipatze aldera, Maria Chivite Nafarroako presidenteak, sare sozialetan. Zer sentitu zenuen halako miresmen olatua ikustean?

Poza ematen dit, Nafarroan eta Iruñean ze egoera soziopolitikoa dagoen badakigulako denok. Kirol erronketatik harago, nire helburuetako bat bazen klubean euskara sustatzea, normalizatzea, baina beste ezeren kontra joan gabe. Erriberan egon izan naiz sarri, Mendabian edo Tuteran, zale taldeen ekitaldietan, eta maitasuna jaso dut. Jaso eta eman. Osasuna zalea Nafarroa osoaren ondare da, ez Iruñekoa bakarrik. Naizen bezalakoa izan naiz, han edo hemen izan, eta jende askoren babesa sentitu dut, Nafarroa ze anitza den onartuta. Maitasun handia jaso dut, eta pertsona gehien asetzen duena maitasuna da. Izan ere, pertsonak gara entrenatzaile baino lehen. Aurrena pertsona; gero, entrenatzailea, emaitzak eta hori guztia. Zenbatetan eman ote dizkidaten eskerrak Iruñean, Nafarroan… Atera zaidan bezala, modu naturalean jokatu izanak eman dit hori.

Deierri bailarako zale batzuk esan zidaten, hauteskundeetara aurkeztuko bazina, Nafarroako agintari izango zinela.

(Barrez) Entzun dut halakorik, bai. Egia esan, mundu konplikatua iruditzen zait politikarena, eta ez naiz barruan ikusten.

Esparru politiko guztiaren, jendarte osoaren babesa sentitu izan duzu, eta hori Nafarroan ez da erraza.

Bai, ez dut bazterkeriarik sentitu, eta oso eroso sentitu naiz ideologia ezberdineko jendearekin; bueltan adeitsu izanez denekin. Entrenatzailea baino lehen pertsona ikusi dutelako gertatuko zen agian.

Iruñeko udaletxean norbait berriro bertso bat botatzen noiz ikusiko ote dugun…

Hori ere errima eta neurri jakin bat eman eta bat-batean, modu naturalean, egindako zerbait izan zen, zerbait adierazteko. Gure lanean dena dago programatuta, 10 minutuko prentsaurrekoa, adibidez, eta halako momentuak ederrak dira.

Euskara normalizatu da Osasunan, eta neurri handi batean zuri esker.

Lan handia dago horren atzetik. Ni ikurra izan naiz, edo lagundu dut, baina zer esan Oier Sanjurjo kapitainak egindako lanaz, gure lehen lau urteetan. Bera erreferente bat da, eta euskaraz mintzatu izana oso garrantzitsua da jendearentzat. Osasunak hizkuntza ofizialtzat jotzen du euskara, eta pausoak eman dira azken urteetan: sare sozialak, elkarrizketak… Bospasei jokalari eduki ditugu euskaraz dakitenak, eta lan horri segida eman behar zaio orain, ez dadila eten.

Euskaraz mintzatzen zineten zuek jokalari horiekin?

Gu asko mintzatzen ginen euskaraz: Bittor Alkizarekin, atezainen entrenatzaile Ritxar Sanzolekin ere bai, eta jokalariekin: Aitor Fernandez, Jon Moncayola, Aimar Oroz, Iker Muñoz, Unai Garcia… Modu naturalean. Kanpoko jendeak ere ikusi du hori. Ante Budimir-ek, Taxoarera etortzen zen aldi oro, “Egun on, mister” esaten zuen. Detaile txikia da, baina garrantzitsua da. Kalean argazkiak eskatu dizkidatenean euskaraz eskatu dizkidate, eta hori oso pozgarria izan da.

Hainbat jokalariren izenak aipatu dituzu euskararen harira. Zer moduz agurra haiekin? Gogorra izan al zen?

Batzuekin sei urte eman ditut. Egun dena ikusten da, dena jakiten da, dena dakigula uste dugu, baina barruko hainbat gauza ez dira jakiten, eta ni momentu horiekin geratzen naiz. Elkarri egindako begiradak, besarkadak… Sei urtetan momentu zailak pasatu ditut, Oier eta Roberto Torres kapitainen agurrarekin, adibidez; ez zen samurra izan, baina gaur da eguna biekin oso harreman ona dudana, besarkada bat eman eta bazkaltzera joan gaitezkeena, eta horrek asko balio du niretzat.

Bigarren jardunaldian bueltatuko zara Sadarrera, Mallorcarekin.

Bai, oso garaiz. Osasuna arerioa izango da niretzat, aurkaria ez.

Nola azaldu diezu Xuhare, Luka eta Niko alaba eta semeei hiriz aldatu behar zenutela? Pentsatzen dut Xuharerekin izango zela lan nekezena, 12-13 urterekin ja kuadrillatxoa egiten hasia izango zelako Mutiloan, ikastolan.

Mutiloako lagunek asko lagundu digute. Bikain hartu gaituzte, Mutilbera futbol taldekoek, pilota eskolakoek… Eskerrak eman nahi dizkiet denei. Emaztearekin hitz egin eta bidea prestatzen joan gara. Xuhare-rekin arazo gehiago izango genituela uste genuen, baina kontrakoa izan da. Ilusioa erakutsi digu hiriz, eskolaz aldatzeko, lagun berriak bilatzeko, beste hizkuntza bat ikasteko… (Mallorcako hizkuntza, katalanaren dialektoa). Lukarekin gehixeago kosta zaigu, pilota eta futbola galtzea ez duelako oso ondo ulertu, eta Niko oso txikia da oraindik.

Erretiroa hartzen duzunean Mutiloan bizitzea gustatuko litzaizuke?

Oso lotura indartsua sortu da. Berez etxea Itziarren dugu, eta gurasoen baserria Berriatuan, baina Mutiloarekin dugun harremana ez da orain arte eduki dugunera mugatuko. Oso zoriontsuak izan gara bertan.

Hamarkada luzea osatu duzu jada entrenatzaile jardunean. Erraz esaten da. Ze hausnarketa sortzen dizu?

Ez nuen espero, inola ere ez. Inoiz ez dut entrenatzaile jarduna helburu bat edo beste lortzeko lanbide bezala hartu, pasioz egiten dudan zerbait bezala baizik. Zoriontsu naiz astelehen-ostiral bitarteko prestakuntza horrekin, eta asteburuetan lehiaketa. Baina ez da erraza 10 urte egitea, eta balioan jarri behar da. Zenbat aldatu naizen, zenbat aldatu den futbola.

Gauza gutxi dakigu Mallorca taldeari buruz.

Benetako proiektua iruditu zaigu. Aritz Aduriz jokalari ohia klubeko kirol zuzendaritzako kide da eta zubi lan bikaina egin digu. Bittor Alkiza bere taldekide izan zen, eta harreman ona dute.

Steve Nash saskibaloi jokalaria izan zen klubeko nagusia, ezta?

Izan zen. Orain Andy Kohlberg tenislari ohia eta Steve Kerr NBAko Golden State Warriors taldeko entrenatzailea dira jabeak. Pertsona lasaia iruditu zaigu Kohlberg, gauzak garbi dituena. Jende serioa da, goi mailako kirola zer den dakiena.

Nekatzen zaitu egungo futbolak? Irabazi beharrak, bazka, sare sozialak…

Futbola oso azkar doa, eta gurpil horretan lekutxoa egin izana pozgarria da. Denbora erlatibizatzen ikasi dut: oreka mantendu une gozoetan eta dramarik egin ez txarretan. Desgastea handia da, etengabe fokuan gaudelako. Partida atariko prentsaurrekoa juzgatzen dute, deialdia, hamaikakoa, sistema… Partida ez da hasi eta fokuan zaude. Partida ondoren zer esanik ez. Hortik ihes egitea ez da erraza, baina ihes egiten saiatu behar gara.

Sare sozialen erabiltzailea zara? Stalker-a akaso (ezkutuan dagoen erabiltzailea)?

Bueno, badut kontu bat, baina ez dut txiokatzen. Informazioa lortzeko erabiltzen dut, bide errazena baita. Beste edozein komunikabide baino errazagoa eta azkarragoa da sare sozialen bidea.

Sorian ondo, Iruñean ezin hobe, baina Donostian eta Realean esperientzia ez zen hain ona izan.

Realeko zalea naiz, Atotxa arnastu duena… Sufritzea tokatu zen, urte on bat egin ondoren. Gaztea nintzen, zalantzak sortu ziren nire gaitasunarekiko… Familiak nik baino okerrago pasatu zuen. Maite duzun jendea sufritzen ikustea ez da samurra, baina hortik ere ikasi genuen.

Gustatuko litzaizuke Realera bueltatzea egunen batean?

Nork jakin! Harreman oso ona dut Aperribai presidentearekin, Imanol, Labaka, Jon Ansotegi… Ez dut derrigor bete behar dudan amets bat bezala sentitzen.

«Entrenatzaile jardunean, ez dut inoiz sentitu lanera nindoala, gozatzera baizik. Beti bilatzen da pizgarriren bat». Ba ote?

Entrenatzaile bezala bai, eta irakasle bezala ere bai. Inoiz ez dut eduki igande gauean damua ‘buf, bihar lanera ikasleekin’ pentsatzeko. Ikasle bezala bai, baina irakasle moduan ez. Egun, aste, urte, partida guztiak dira ezberdinak, eta beti daude energia eraberritzeko osagaiak. Eta eskerrak hala den, bestela monotonian jausiko baikinateke.

Psikologiaren garrantzia.

25 laguneko taldeari gauzak transmititzen asmatu behar duzu. Barruko lana da gaitzena. Irakurri egin behar duzu, jendearekin egon, entzun…

Ogibidez irakasle izateak lagundu zaitu jardun horretan?

Bai, asko. Irakasleak ikaslearen bertsiorik onena lortu behar du, eta entrenatzaileak jokalariarena. Enpatia puntu bat funtsezkoa da, bestearen tokian jartzea, entzutea, informazioa jasotzea… Etengabeko prozesua da. Irakasle naiz ogibidez, baina bokazioz ere bai. Aurrena pertsona naiz, gero irakasle, eta azkena entrenatzaile. Pertsona eta irakasle izateak moldatu du erabat nire entrenatzaile jarduna.

Enpatia beharko da, egoz betetako aldagela batean…

Etxekoak asko direnean, tontakeria gutxi dute eta kanpokoak arrastoan sartzen dituzte azkar. Denei helburu komuna dugula barneratzen saiatzen gara, baina futbolariak berea bakarrik ikusten du; jokalari bakoitza enpresa txiki bat da egun, eta denei jaten eman behar zaie; ez da erraza ego horien kudeaketa.

Zer esanik ez taldean Chimy Avila bezalako kabestruak izanda…

Bueno, denekin ezin da berdin jokatu. ‘Kafea denentzat’ eredua ez da baliagarria. Bakoitza den modukoa da eta bere bizitza izan du. Chimyk, esaterako, oso haurtzaro gogorra eduki zuen, lagun eta familia asko hilerrian edo kartzelan, eta gosea sarri. Ez du hezkuntza egokirik izan eta nahastu egiten da. Hori bai, ez dauka bihotz txarrik. Nola lagun diezaiokezun jakin behar duzu. Diagnosi bat egin behar da aurrena, eta gero jardun. Batzuei ez zaie ezer esan behar, beste batzuei bai.

Entrenatzaileek baduzue egorik?

Bai, noski. Gero eta gehiago. Pertsonatik pertsonaia izatera pasatzen da asko: etengabe fokuan, loreak gaur, egurra bihar, irudia egunero prentsaurrekoetan…

Zuri ez zaizu harrokeria zantzu handirik sumatzen, eta zintzotasun kutsua bai.

Etxetik jasotako hezkuntzaren ondorioa da, bizitzak emandako balioak: lagunak, irakasle jarduna… Lehenik pertsona da, eta gero ogibidea, baina batzuk eraldatu egin dute ordena hori, eta hortik dator egoa, edo fokuan bizi nahi izatea. Ni Itziarren pozik bizi naiz, Berriatuan bezala, lagunekin zestako kiniela egin eta gero afari mokadua egin…

Ez dut inoiz entrenatzaile bat, partida bukatu eta berehala, bere taldeko zaleez inguratuta, naturaltasun osoz, garagardo batzuk edaten ikusi. Zeu bakarretako bat.

Badirudi entrenatzaileok jokalariek partida amaitutakoan gure bunker horretan sartu beharko genukeela: pribatu batera joan afaltzera, edo antzeko gauzak. Askotan egin izan dugu hori, familia eta zaleekin. Nahiago dut han egon, jatetxe ezagun bateko pribatu batean baino. Burbuilak ez ditut maite, ez naiz eroso sentitzen, ez dut disfrutatzen.

Zer diozu euskal taldeen arteko grina itsusiaz? Gorroto, ezin ikusi eta errespetu falta keinu asko ikusten da sare sozialetan, probintziakeria deitu izan zaion horren erruz.

Txiki egiten gaitu euskaldunok egoera horrek. Nire semeak Athleticen kamiseta bat eskatu dit ez aspaldi. Nola ez diot erosiko ba? Semeari zer esan behar diot? Athleticeko kamiseta ez erosteko? Real zale amorratua naiz, baina ez daukat Athleticen aurka ezer. Eta Eibarren igoera play-offarekin asko sufritu dut, mailaz igotzea nahi nuelako. Kirol muga aspaldi zeharkatu genuen, eta ez dugu atzera egin. Sare sozialekin, harrobi kontuak eta beste… Min handia ari gara egiten, eta perspektiba hori aldatzen saiatu beharko genuke. Elkar txiki bihurtzen gabiltza, eta euskaldunok beste zerbait gara. Beste kirol batzuetan ikusten da euskaldunen arteko anaitasun hori, saskibaloian edo pilotan, esaterako. Zergatik ez futbolean? Forofo ikuspuntu horregatik, ziur aski. Niri pilotari asko gustatzen zaizkit, batzuk gipuzkoarrak, besteak nafarrak, baita bizkaitarrak ere.

Iparreko futbola deitzen den horren ikurretako bat zara. Zer da iparreko futbola?

Nik jasotako eredua, hondartzan ikasitakoa Mutrikuko taldean. Atotxara joaten nintzenean ordubete lehenago sartzen ginen zelaira, zain, denak pega-pega eginda, eta jokalariak berotzera irteten zirenean, oilo ipurdiarekin. Partida hasten zenean, zer esanik ez. Eta sentsazio hori San Mamesen bizi izan dut, Ipuruan, Sadarren… Iparreko futbola giro hori da, zelai erditik gora jokatzea aurkariaren zelaian; korner bat lortu eta sekulako burrunba harmailetan… Ingalaterrako futbola, horretan sinesten dut mundu globalizatu honetan.

Nolakoa da Jagoba pertsona?

Nahiko pertsona normala. Etxekoia, familiarekin bazkaltzea eta afaltzea dut gustuko, umeekin eta emaztearekin egotea lasai-lasai. Eta denbora librea dudanean, ba mendira joan, edo lagunekin egon. Ez daukat halako opor ikusgarririk egiteko grinarik, edo afaltzeko jatetxe ezagun batean, edo argazki bat ateratzeko ez dakit non nagoelako… mundu horretatik aparte sentitzen naiz, beti egin izan ditudan gauzak egitea dut nahiago.

Iparreko futbola Ingalaterran ikusten da gehien, esan duzu. Han lan egiteko gogorik bai?

Bueno, zergatik ez. Futbolaren esentzia da hura, baina Ipurua eta Vallecasen bezala.

Eta Jagoba entrenatzaileak ze amets handi dauka?

Ez daukat. Osasunan bizi izandakoarekin konformatzen naiz. Jendearen maitasuna, bukaera hori edukitzea… horrek titulu bat lortzeak baino gehiago betetzen nau.

Entrenatzaile euskaldunak erreferente dira Europan: zu zeu, Iraola, Xabi Alonso, Arteta, Lopetegi, Emery, Imanol, Valverde… Nola azaldu fenomeno hori?

Ez dauka azalpen errazik. Entrenatzaile on asko daude, bai Lehen Mailan, bai bigarrenean ere. Euskal Herritik kanpo askotan galdetzen didate egoera honen inguruan. Geure artean ezberdinak gara, baina badugu ezaugarri komun bat: langileak gara. Langileak, eta zerbaitetan pasioa badaukagu, buru-belarri murgiltzen garenak. Hemen futbola modu batean ulertzen da, eta badirudi modu hori zabaldu egin dugula. Euskal Herria hain txikia izanda hainbeste entrenatzaile ezagun edukitzea ez da azaltzen erraza.

Zein izan da zure erreferente?

Jose Luis Mendilibar. Eibarren zegoenean asko jarraitzen nuen eta gauza asko hartu ditut nire taldeentzat. Ze naturala den, eta nola katalogatu izan den talde txikietarako, eta begira: UEFA Europa League-eko txapeldun Sevillarekin, Conference League-eko txapeldun Olympiakos-ekin… Erakutsi du gai dela talde handiak gidatzeko, eta hori oso berri ona da, etiketak kentzeko. Oso entrenatzaile ona da.

Entrenatzaile batzuen izenak aipatuko dizkizut. Manix Mandiola.

Gehien markatu nauen entrenatzailea eta pertsona. Lau urte egon nintzen berarekin Eibarren, eta beste bost Beasainen. Oso tipo azkarra da, bizitzarako, futbolerako, eta harreman ona mantentzen dut. ‘Casero ilustrado’ deitzen diogu.

John Toshack.

Bueno, Bittor Alkizarekin ez zen oso ondo portatu, baina ni hasi nintzenean asko jarraitu nuen. Oso esaldi onak dauzka prentsaurrekoetan: ketchup-a eta aurrelariak, Bernabeuko txerriena… denak apropos eginak, e!

Pedro Mari Zabalza.

Idolo bat. Osasunari buruz eduki dudan lehen oroitzapena berea da. Klubaren historian Europan partida gehien jokatu dituen entrenatzailea da. Osasuna eta Zabalza bat dira, eta kontratua azkenekoz berritu nuenean nirekin batera argazkian egotea ikaragarria izan zen. Agurraren egunean ere han nuen, ondoan. Jainkoa ondoan izango banu bezala nengoen. Besarkada zintzoa eman genion elkarri. Estimu handia diodan pertsona da. Osasuna zer den erakusten duen pertsona da: umila, bertakoa, beti ahotsa apal, alarderik ez… Ispilu bat niretzat.

Euskal selekzioko entrenatzailea ere izan zinen. Ze momentutan gaude? Ez dirudi aurrerapauso handirik eman denik azken urteetan…

Uruguairen aurka jokatutako partida bada aurrerapausoa, aspaldi ez zelako jokatzen. Nahikoa da? Ez, ba. Politikariek euren partida jokatu behar dute eta geuk geurea, jokalariek bezala. FIFA datetan bakarrik joka daitezke halako neurketak, eta horietan Espainiako selekzioak ere jokatzen du, eta horietan 10-12 jokalari egon daitezke absolutuan eta 21 urtez azpiko selekzioetan.

Bidezkoa iruditzen zaizu jokalariek konpromiso falta dutela esatea?

Une hori oraindik ez dela iritsi esango nuke. Ofizialtasuna lortzeko aukera dagoenean erabaki bat hartu beharko dute. Oraindik ez da egoera hori iritsi, bat edo beste aukeratzeko beharra.

Pilotalekuak faltan botako dituzu Mallorcan.

Euskal Herria botako dut faltan: pilota, bertsoak, elkarte gastronomikoak, lagunak… Jende askok esan dit bisitan etorriko dela, eta horrela moldatu beharko dugu. Badaukat grina hango kultura, hizkuntza, txokoak ezagutzeko. Ez dut burbuila batean bizi nahi.

Azken mezu bat Osasuna zaleentzat?

Eskerrak eman, ni eta nire familia beti izango garela gorritxoak, oso zoriontsuak izan garelako, eta egunen batean bueltatuko garela; zoriontsua izan bazara erraza da.