Gotzon Aranburu
DONOSTIA

Atez atekoaz jakin beharrekoa

Dagoeneko martxan dagoen herrietako biztanleek badakite zer den atez ateko bilketa. Baina besteok, nahiz eta gaia etengabe dagoen hedabideetan, edo beharbada horrexegatik, oso informazio nahasia jasotzen dugu. Ondoko lerrootan saiatuko gara sistema honen ezaugarri nagusiak azaltzen.

Atez atekoaren hirugarren urteurrenean festa egin zuten Usurbilen. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)
Atez atekoaren hirugarren urteurrenean festa egin zuten Usurbilen. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)

Hasteko eta behin, argitu behar da bilketa selektiboa egiteko sistema bat baino gehiago dagoela. Horien artean, ezagunena bost edukiontziren bidez egiten dena da, edota sistema mixtoa deritzona. Azken hau Gipuzkoako Itsasondo herrian dago indarrean: ohiko edukiontzi urdinak, horiak eta berdeak dituzte kalean, horietan beira, papera eta plastikoa uzteko. Edukiontzi marroia ere badute, hondakin konpostagarriak botatzeko, baina beste edukiontzirik ez dago. Atez ate biltzen dira Itsasondon umeen pardelak, bizarra kentzeko makinatxoak, aspiragailuetako poltsa beteak, puskatutako platerak eta beste, alegia, birziklatzen ez direnak.

Atez ateko sistemara itzulita, zein ezaugarri ditu? Era honetan hondakinak modu selektiboan biltzen dira, gero birziklapen tasa handiagoa izan dadin. Ez da borondatezko sistema, bosgarren edukiontziarena bezala, baizik eta derrigorrezkoa, eta horrek egiten du hain eragingarria. Estatistikek erakusten duten moduan, lau edukiontzien sistema klasikoarekin %30 inguru baino ez da biltzen modu selektiboan; bostekin, %35 ingurura iristen da, eta atez atekoarekin %80-90ra ailegatzen da. Beste ezaugarri bat hondakinen zati organikoari dagokio. Materia organikoa etxean sortzen dugun hondakinen erdia izaten da, eta modu selektiboan askoz gehiago biltzen da. Gero konpost bihurtu eta naturara era egokian itzultzen da.

Hasieran esan dugu oso informazio nahasia –eta interesatua– jasotzen dugula herritarrok hondakinen kudeaketari buruz. Adibidez, atez atekoaren kontra daudenek behin eta berriro errepikatzen dute sistema zikina eta deserosoa dela. Jakina, erosoena orain arte bezala jarraitzea da, baina eskuartean dugun arazo larria handitu baino ez litzateke egingo horrela. Atez atekoaren aldekoek argudiatzen dutenez, garbitasuna edo garbitasun eza herritarren esku dago, beste edozein bilketa sistemarekin bezala. Garestia dela ere bolo-bolo dabil. Egia da langile gehiago behar direla atez ateko bilketa egiteko, baina kontuan izan behar da errausketa planta ezartzea ia 400 milioi euro kostako litzatekeela. Azkenik, atez atekoarekin ere zabortegiak beharrezkoak izango direla leporatzen zaio sistema honi, «eta errausketarekin ez». Birziklatu ezin daitekeen frakzioa (%10-15) bizigabea da, eta hori gordetzean ez da usainik edo lixibiaturik sortzen. Errausketarekin ere zabortegia beharrezkoa da, baina kasu honetan toxikoa.