Euskal Herria Bai koalizio abertzaleak atzoko bozetan erdietsitako emaitzek sekulako garrantzia hartu dute Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren itzuliari begira.
Ezkerreko abertzaleek osatutako koalizioak, hirugarren indarra izaki, badu zer esana hiru barrutietan. Laugarrenean, %14 lortuta (Ipar Euskal Herrian), Jean Lassalle (MoDem) eta Frantxoa Maitiaren (PS) arteko lehian erabakigarriak izango dira.
Gaur goizean, dagoeneko, «ezkerrari botoa emateko» deia egin dio Maitiak EHBairi. Bosgarrenean buru den Capdevielle ere abertzaleei begira ari da, hil ala bizikoa baitu beren sostengua.
Kazeta.info webguneak jasotzen duenaren arabera, Pierre Cheretek (PS) onartu egin du bere alderdiak koalizio abertzalearekin hitz egiteko hitzordua eskatu duela.
Hitz egiteko prest
Koalizioak, bere aldetik, alderdi guztiekin hitz egiteko prestutasuna agertu du.
Zentzu horretan, Jean-François Lefortek azaldu du bi alderdi handiengan «konfiantzarik ez» dutela, «bertako eta gizarte gaietan beti etsigarriak izan direlako». «UMPrekin ditugun ezadostasun politikoak oso handiak direnez», nekez pentsa daiteke «EH Baik bozka eskuinari ematera deituko duenik», nabarmendu du.
Hala ere, EH Baiko ordezkaria prest agertu da «alderdi politiko guztiekin guretzako oinarrizkoak diren gaiei buruz –Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, konponbide prozesua, euskararen ofizialtasuna edota eredu sozioekonomikoa, besteak beste– ordezkari horiek dituzten posizioak jorratzeko».