Ezker abertzalea, EA eta Aralarrek, Nafarroa Bizirik ekimenarekin bat eginez, ekainaren 16an Iruñeko kaleak betetzeko deia egin dute, «gaur egungo hiritar nafarrok gure etorkizuna eta egitura politikoa erabakitzeko eskubidea eta aukera izan dezagun».
Hiru indar horien arabera, gaur egun Nafarroaren estatusa betikotu nahi dutenek «historia gezurtatu dute konkistaren bortxa izaera ezkutatu nahian». Hala eta guztiz ere, argi daukate UPN-PP-PSNk historiaren bataila hori galdu egin dutela; «edonork argi dauka konkista indarrez egin zela».
«Menperaturik» egoteak hainbat ondorio ekarri dituela argitu dute, hala nola «konkista babestu zutenen aberastea, lege arrotzen ezartzea, hizkuntza eta kultur zapalkuntza zonaldeka ukatzeraino, ikurren deuseztapena...».
Hiru indar politiko horien ustez, nafar jendarteari zer izan nahi duen galdetzeko garaia iritsi da. Horrez gain, Nafarroaren estatusaren inguruko eztabaida soziala irekitzearen alde agertu dira, «aukera berdintasunean» proiektu oro egingarri izan dadin «egoera demokratiko bat» eskuratze aldera.
Argi utzi nahi izan dute 500 urteren ostean Nafarroa «bizirik» dagoela eta «libre» izan nahi duela.