Donostian egindako prentsaurreko batean, Iratxe Ibarra bertsolari eta pilotariak eta Eba Ferreira Athleticeko futbolari ohiak aurkeztu dute ‘Euskal pilota’ adierazpena. Hainbat futbolarik, pilotarik edota rubgy jokalarik hartu dute parte, Herrirako Nagore Garciarekin batera, aurkezpenean.
Bertan jasotzen denez, «bakea eta soluzioak eraikitzen lagunduko duen egoera berria behar dugu: pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea, eta esklusio oro desagertzea».
«Beharrizan honen trabarik handiena –nabarmendu dute– kartzela politika da gaur egun».
Horregatik, Gobernuei zuzendu zatzaizkie manifestuan, «pilota beren teilatuan» baitago. Baina, argi dutenez, euskal jendarteak dauka «gobernuak pausuak ematera mugitzeko giltza».
«Horixe da euskal pilota: bakea eta konponbidea eraikitzeko, preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko erronka historikoa», dio idatziak.
Pilota horrek, «lehen botean, kartzela poltika aldatu eta presoen giza eskubideen errespetua bilatzen du», alegia, denen Euskal Herriratzea, eta gaixo daudenak edota zigorraren 3/4 beterik dutenak askatzea.
Bigarrenean, «gatazkak sorturiko ondorio eta egoera guztiak konpontzea, tartean preso eta iheslari guztiak herriratzea» da helburua. «600 preso eta ehunka iheslari izanik ezinezkoa delako taxuzko bake egoerarik eratzea», azpimarratu dute.
Horrez guztiaz gain, hiri, herri eta auzoetako jaietako txupinazoetan erabiliko den pilota ere aurkeztu du Herrira mugimenduak.