Naiz.info
Donostia

Presoei buruzko filmak jasan dituen «setioa, jazarpena eta zentsura» salatu dituzte

‘Barrura begiratzeko leihoak’ presoei buruzko filmaren aldeko manifestua sinatu dute kultura arloko ehun lagun inguruk.

Lander Garro idazleak, Telmo Esnal zinemagileak eta Joxe Mari Agirretxe aktoreak irakurri dute gaur goizean prentsaurrean kultura arloko ehun lagun inguruk ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmak jasan duen «setioa, jazarpena eta zentsura» salatzen dituen manifestua.
 
Sinatzaileen artean daude kultura eta hedabideetako hainbat lagun daude, tartean, Asier Altuna, Joxe Mari Goenaga, Jose Luis Zumeta, Nestor Basterretxea, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Iban Garate, Klara Badiola, Amets Arzallus, Fermin Muguruza, Joseba Tapia, Juan Luis Zabala edo Alberto Pradilla.
 
Manifestuaren arabera, «adierazpen askatasuna amiltzen den unean gertatzen da zentsura, eta alderantziz, zentsura desagertzen denean suertatzen da adierazpen askatasuna».
 
Zinez-ek ekoitzitako filmak jasandako trabei erreferentzia eginez –diru-laguntzak jasotzeko oztopoak, kasu– adierazi dute adierazpen askatasuna dela «ideien eta egiaren aldeko borroka betierekoan aurrera egiteko modu bakarra».
 
Sinatzaileen iduriko, «erregimen autoritarioetan gertatzen den fenomenoa da zentsurarena, herrialde demokratikoetan eta herri libreetan tokirik ez daukana. Beti da albiste txarra, beraz, zentsuraz jardutea. Baina oraingo honetan horretaz jardutea dagokigu, ez geure gustuz, geure betebeharrez baizik».
 
Horregatik guztiagatik, ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmak jasan dituen ‘setioa, jazarpena eta zentsura» salatu dituzte eta gaineratu dute: «Ezin dugu onartu, ezeren eta inoren izenean, sortzaileon lana politizatzea eta lokatz politikoan sartzea».

Zentzu horretan, «nork bere egiak, ideiak eta utopiak» defendatzeko eskubidea duela aldarrikatu dute, baita ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmaren egileek ere. «Nork bere ideiak defendatu ahal izatea, horixe baita, eta ez beste ezer, askatasunean bizitzea».