NAIZ.INFO
GASTEIZ

Ekimen ugari Zaballako espetxe aurrean, Kandela gaua dela-eta

Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal preso politikoen askatasuna galdegiteko ekimena burutuko du bihar eta etzi Herrira mugimenduak Zaballako espetxearen aurrean.

Txus Martinen askatasuna galdegiteko elkarretaratzea, duela aste batzuk Bilbon. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Txus Martinen askatasuna galdegiteko elkarretaratzea, duela aste batzuk Bilbon. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Herrira mugimenduak ekimena antolatu du bihar eta etzirako Zaballako kartzela arabarraren aurrean, eritasun larriak dituzten hamalau preso politikoak berehala aske utz ditzaten eskatzeko.

Espetxe horretan, hain zuzen, Txus Martin dago preso, egoera bereziki larria bizi duena.

Biharko gaubeilan, Kandela gaua izenez bataitatutako iniziatiban, ekimen ugari izango da. Arratsaldeko 20.00etatik aurrera, bertsolariak, antzerkia edota ikus-entzunezko emanaldiak izango dira.

Kandela gauari amaiera emateko, elkarretaratzea egingo dute espetxe atarian, 11.00etan.

Herrira mugimenduak berri eman duenez, kotxe karabanak ere egingo dira Arabako hainbat herritatik abiatuta, Kandela gauean biltzeko asmotan. Honako lekuetatik aterako dira: Errioxa (19.30ean, Lezon), Gasteiz (20.00, katedral aurrean), Urduña (19.30, suhiltzaileetan), Amurrio (19.15, errepide berrian) eta Laudio (19.00 Gardenean).