Estatu espainoleko Gobernuak iragarritako neurriei erantzunez ohar bat kaleratu du Hiru garraiolarien sindikatuak. Haren arabera, Mariano Rajoyk iragarritako murrizketek Hego Euskal Herriko jarduera ekonomikoa eta industriala gelditu egingo dute «betiko».
Gainera, sortuko den «kolapsoaren» ondorioz, jarduera utzi beharrean aurkituko diren adineko garraiolarien kopurua «biderkatu» egingo da sindikatuaren ustez, «lan edo errentagarritasun faltagatik». «Oso egoera larrian geratuko dira, babes sozialik gabe», ohartarazi du Hiruk.
Hala ere, egoera «are gehiago» okertu daitekeela uste du, pentsioen inguruan Gobernu espainolak «neurri gogorrak» aurreikusi dituelako.
Madrildik iragarritako murrizketen aurrean «planto» egiteko exijitu die Lakuako Gobernuari, Nafarroakoari eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiei.
Hiruk garraioa salbatzeko aurkeztu duen «erreskate plana berehala» ezartzeko eskatu die administrazio guztiei.