Naiz.info
Hondarribia

Txalo artean hartu dute zaletuek Chourraut Hondarribian

Maialen Chourrautekin batera, Hondarribiako aireportuan harrera egin diete baita ere Samuel Hernanz eta Ander Elosegi taldekideei.

Maialen Chourrautek Hondarribiako aireportuan jaso du lehenengo harrera bere zaletuen partetik, atzo K1 kategorian brontzezko domina eskuratu ostean.

Arratsaldeko 20.30ak inguruan heldu da lasartearra Hondarribiara, Samuel Hernanz eta Ander Elosegi taldekideekin batera.

Atletico San Sebastianeko kideak zeuden itxaroten bertan (Chourrauten taldea, baita Hernanzena ere) eta haiekin batera Gipuzkoako eta Euskal Herriko Piraguismo federazioko presidenteak, Joseba Saies eta Jose Maria Urkiola.

«Ongietorri hau ez dut soilik nik merezi, talde osoak baizik. Nahi genuen zerbait, behar genuen zerbait izan da –domina– eta, denbora luzez borrokatu ondoren, hemen da», adierazi du Chourrautek komunikabideen aurrean.

Lasartearrak, autografoak sinatu eta argazki atera ondoren, brontzezko domina Lasarteko ikastolako haurrek oparitutako kaxa batean gordeko duela jakinarazi du.

Chourraut La Seu D´Urgellera joango da atseden hartzera Espainiako Txapelketa jokatu aurretik, eta ondoren oporraldia hartuko du.

Gaurkoan ere atsedenerako beharra duela esan du kirolariak, atzo goizaldeko ordubietan iritsi baitzen Hiri Olinpikora, eta gaur goizean 06.00etan jaiki da hegazkina hartzeko.

Joko Olinpikoei buruzko informazio guztia NAIZeko web berezian.