Joan den ekainean, Herrirak urriaren 13rako hitzordua eman zuen. EAEn izanen den hauteskunde kanpaina dela-eta, azkenik mobilizazioa azaroaren 10ean izanen da. Orain arte deialdi hori indartzeko eginiko lana goraipatu du Herrirak Lqpurdiko hiriburuan eginiko agerraldian. Era berean, «ondoko 8 asteotan» ahaleginak biderkatzeko deia zabaldu du elkarteak, Kazeta.info webguneak jaso duenez.
«Sentsibilizazio eta informazio lan handia egin da orain arte manifestaldi hau prestatzeko. Eraman den lanak manifestaldia arrakastatsua izanen dela erakusten digu jadanik. Hain zuzen, anitz baitira beren sustengua adierazi digutenak eta azaroaren 10ean Baionako karriketan ibiliko direla adierazi digutenak, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen errespetuaren alde», azaldu du Herrirak. Ondoko egunotan manifestazio deialdiak jaso duen sostengu zabalaren berri emanen du mugimenduak.
Informaziorako materiala berritu du Herrirak. Inprimatuak izan diren 100.000 egunkariak «egokituak» izan dira baita ere «Ipar Euskal Herriko xoko guzietan banatuak izan daitezen ondoko egun eta asteetan».
«Ohartzen gara, jendartea gero eta gehiago lotzen dela gure mugimenduak bultzatzen dituen aldarrikapenei: euskal preso eta iheslarien gaiak podere publikoengandik erantzun azkar bat behar duela agerian gelditzen da», gaineratu du Herrirak.
Oraindik egiteke dagoen lanaz jabetuta, ondoko egunetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. «Bakoitzaren engaiamenduari esker lortuko ditugu denek espero ditugun emaitzak», laburbildu du mugimenduak.