«Gero eta euskal herritar gehiagorentzat euskal estatu propioa, bideragarri eta komenigarria izateaz gain, guztiz premiazkoa da». Independentistak sareak esan du goizean abenduaren 6rako Durangon antolatu duten martxa berdea aurkezterakoan.
Abenduko ekimena babestu duten kultura eta euskararen munduko ia ehun pertsonen ordezkaritza batek lagunduta egin dute agerraldia Andoainen martxara deitzeko.
Eskozian independentziaren bidean eman diren urratsek eta Kataluniako Diadako mobilizazio erraldoiak, besteak beste, independentzia prozesuak eztabaida politikoaren «erdi-erdian» kokatu dituela adierazi dute. Horri, egoera ekonomiko larria gehituta, «independentziaren aukera gero eta indar handiagoa» hartzen ari dela uste dute, «alternatiba erreal moduan».
Testuinguru horretan abendurako antolatu duten martxari garrantzia berezia eman diote eta ‘Bagoaz. Euskal Herriak independentzia’ lelopean antolatu duten martxa babesteko deia egin diete herritarrei «euskal jendartearen oinarri zabala bilaka dadin ekimenaren deitzaile eta protagonista». Atxikipena adierazpeko helbidea ere abiarazi dute: abenduak6.bagoaz.net