Etxerat elkarteak adierazi duenaren arabera, Mexikon preso aurkitzen den Luis Miguel Ipiña preso politikoa aske geratuko da datozen ordu edo egunetan.
70eko hamarkadan iritsi zen Ipiña Mexikora eta 2011ko maiatzaren 20an atxilotu zuten, bizimodu guztiz normala egiten zuen bitartean. Ordutik Chiconautlako espetxean dago preso.
Etxerat elkarteak irailean prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuen moduan, 2012ko abuztuaren 28an Mexiko DFko auzitegi batek bere aldeko ebazpena eman zuen. Ildo horretan, Fiskaltzak ebazpenari jarritako helegitea atzera bota zuen atzo.
Defentsak eta Ipiñari sostengua eman dioten hainbat elkartek presoaren etxean berea ez zen arma bat jarri ziotela salatu izan dute eta arma hori izan zen Ipiña kartzelaratzeko argumentua. Mexiko DFko auzitegiak haren etxean eginiko miaketa legez kanpokoa izan zela erabaki zuen.
Urtzi Azpiroz, aske
‘Aiurri’ Andoaingo agerkariak aditzera eman duenez, Urtzi Azpiroz andoaindarra ere aske geratuko da datozen orduetan, Estatu espainiarreko Auzitegi Nazionalak hala erabakita. Epaiketa egiten ari zaizkio eta epaileak aske uztea erabaki du, fidantzarik gabe, sententzia kaleratu bitartean.