Villanueva errefuxiatu politiko nafarra Paueko Auzitegian izan da gaur Estatu espainolak bere aurka igorritako euroagindua aztertu duen saioan.
Paueko Auzitegiak euroaginduari buruzko informazio gehigarria frantsesera itzultzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari, eta honek ez du igorri.
Azken erabakia datorren asteartean jakinaraziko du Auzitegiak.
Arturo Villanueva pasa den abuztuan atxilotu zuen Polizia frantsesak Urruñan eta aske geratu zen egun batzuk beranduago.
Errefuxiatu iruindarra beste 14 euskal herritarrekin batera atzeman zuten 2001eko martxoaren 6an Auzitegi Nazionalak Haika gazte erakunde independentistaren aurka agindutako operazioan.
10 hilabetez espetxean izan zen. Jarrai eta Haikaren aurkako epaiketara joateari muzin egin ondoren bera atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen ez ohiko epaitegiak.
Villanueva 2009ko apirilean atxilotu zuten Belfasten euroagindu bat zela-medio. Aske geratu zen ondoren. Epaileak errefusatu egin zuen bere aurkako euroagindua.
Bederatzi urtez Irlandan egon ondoren, Lapurdira itzuli zen Villanueva pasa den udan, eta bizitza guztiz publikoa eta normala egin du.