NAIZ.INFO
GASTEIZ

Koherentzia eza egotzi dio PPk EAJri, 27 parlamentariorekin gobernatu nahi izateagatik

EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik adierazi du «aurreneko minututik» izan duela EAJk bakarrik eta gutxiengoan gobernatu nahi zuelako ustea. Jarrera hori «oso koherentea» ez dela esan du Basagoitik, bere garaian jeltzaleek gogor kritikatu baitzuten PSE 25 parlamentariorekin gobernatu nahi izateagatik.

Antonio Basagoiti ha sido el primero de los electos del PP en acreditarse. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Antonio Basagoiti ha sido el primero de los electos del PP en acreditarse. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

PPren hamar parlamentarioek Gasteizko Legebiltzarreko erregistroan izena eman ondoren eskainitako prentsaurrekoan, Basagoitik iritzia eman du EAJk bakarrik gobernatzeko balizko hautuaren inguruan. Hala balitz, eta beste alderdiren batekin koaliziorik egin ezean, EAJk ez luke bermatua izango legeak eta aurrekontuak aurrera ateratzeko gehiengorik.

PPkoak akreditazioa hartzen azken parlamentarioak izan dira. Aurretik UPyD, PSE, EAJ eta EH Bilduko ordezkariek ere betea baitzuten tramite hura.

Jeltzaleek beste alderdiekin egindako bilera errondari buruz, Basagoitik adierazi du baduela Iñigo Urkullu buru duen alderdiak «aurreneko minututik» gobernatzeko asmoa zuelako ustea. Hauteskundeen ondotik egin dituen beste batzarrak tramite hutsak iruditzen zaizkiola esan du Basagoitik.

Gaineratu duenez, jeltzaleek eskubidea dute gutxiengoan gobernatzeko, baina azpimarratu du jarrera hori ez zaiola oso koherentea iruditzen. Azaldu duenez, aurreko legealdian jeltzaleek gogor kritikatu zuten PSE, 75 parlamentariotik 25 edukita gobernatu nahi izateagatik, eta, orain, haiek gauza bera egin nahi dute, 27 ordezkari edukita.

PPko buruzagiak Iñigo Urkulluri eskatu dio, behin gobernuan egonda, ez dezala Parlamentuko gutxiengoa «aitzakia bezala» erabili. Horregatik, berehala gobernatzen hasteko eskatu dio, EAEk bizi duen egoera ekonomikoa dela medio, «minutu bat bera ere ezin daitekeelako galdu».

Basagoitik esan du prest egongo litzatekeela EAJren aurrekontuei sustengua emateko, baldin eta krisialditik ateratzeko balio badute.