NAIZ.INFO
DONOSTIA

Martin Garitanok harrera egin die Herrirari eta bi presoren senideei

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak harrera egin diete Herrira mugimenduko ordezkariei eta Aitzol Gogorza eta Ramon Uribe presoen senideei.

Martin Garitano eta Marina Bidasoro, Herrirako ordezkari eta presoen senideekin. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Martin Garitano eta Marina Bidasoro, Herrirako ordezkari eta presoen senideekin. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak harrera egin diete gaur Herrira mugimenduko ordezkariei eta Aitzol Gogorza gaixo dagoen preso errenteriarraren eta Ramon Uribe zigorra luzatu berri dioten preso usurbildarraren senideei.

Garitanok nabarmendu duenez, «bizi dugun garaian, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak indarrik gabe uztea, sufrimendu handia eragiten baitute Gipuzkoako eta Euskal Herriko gizartean».

Sufrimendu horrekin bukatzeko, salbuespen neurriak desagerrarazteko eskatu die Gobernu espainol eta frantsesari.

Diputazioak «giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala eraikitzeko borondate eta konpromisoa» adierazi du, «preso eta erbesteratuen gaiari heltzeko, betiere modu eraikitzailean eta egiazko konponbideak bilatzeko».