Gaurkoan ere negu giro kaskarra izango da protagonista Euskal Herrian. Eguneko lehen orduetan batez ere, prezipitazio ugari espero da, horietako asko elur bezala.
Arratsaldetik aurrera denboralea leundu eta elur kotak gora egitea espero den arren, elurrak arazoak eragin ditu Euskal Herriko errepideetan, batez ere barnealdean.
Hori dela-eta, hainbat mendate itxi egin dituzte: Barrerilla, Leintz-Gatzaga, Opakua, Altube, Urduña, Herrera eta Udana. Beste hainbatetan kateak behar dira.
Nafarroari dagokionez, Pirinioetan, Urbasan eta Aralar inguruan daude arazo nagusiak. Belaguak itxita jarraitzen du.
Goizeko lehen orduotan istripu eta auto pilaketa ugari izan da, baina ez da ezbehar larririk jazo.
AP-8 autobidean lur-jausia izan da goizaldean, Zaldibar parean, eta trafikoa moztuta geratu da Irunerako norabidean. Goizeko 7.00etan «bypass» bat ezarri dute eta errei bat ireki dute.