Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Konposta auzolanean

Pil pilean dago hondakinen arazoa. Garbi dago orain arte bezala jarraitzerik ez dagoela, eta sortzen ditugun hondakinak nola kudeatu erabaki beharra daukagula, hondakin horiek zuzenean zabor bihurtu ez daitezen. Organikoen kasuan, konpost bihurtzeko aukera dago, nork bere kasa edo auzolanean, Gipuzkoan gero eta herri gehiagotan gertatzen ari den moduan.

Xabat Larrarte, Hernaniko auzo konpostaren arduraduna. (Gotzon ARANBURU)
Xabat Larrarte, Hernaniko auzo konpostaren arduraduna. (Gotzon ARANBURU)

Ziklo naturala ixtea, horixe izan daiteke bi hitzetan esanda konposta egitearen helburua. Egunero sortzen dugu denok sukaldeetan hondakin organikoa, batez ere fruta eta barazki hondarrak, arrautza eta fruitu lehorren oskolak, ogi gogortua, fruta-hezurrak, kafe eta infusio hondarrak, haragi eta arrain hondarrak… Hauek guztiak era berezian jasotzen dira, bai atez ateko sisteman eta bai edukiontzi marroietan, konpostatze prozesuan sartzeko, Gipuzkoako kasuan Azpeitiko Lapatxen, Bizkaikoan Artigasen, Arabakoan Jundizen, eta Nafarroakoan Lizarrako Jurramendin.

Aipatu instalazio horietan egiten den materia organikoaren kudeaketa eta lortzen den konpostaren kalitatea irregularra da. Eta, jakina, aurretik bilketa eta garraio prozesu bat dago. Etxean egiten den konpostaren kalitatea oso altua da, ondo kontrolatuta dago-eta zer hondakin erabiltzen dugun. Gainera, ez dago inora garraiatu beharrik. Baina denok ez dugu etxean baratzarik edo lorategirik, eta horrelako espazio bat beharrezkoa da konposta egiteko. Arazo honi erantzuna emateko, konposta auzolanean egiteko guneak ari dira sortzen han eta hemen, bereziki Gipuzkoan.

Esperientzia hau Usurbilen abiatu zen 2011ko azaroan. Gipuzkoa Zero Zabor taldeko Jose Mari Irazustak dioenez, «gaur egun ere, abian dauden esperientzien artean, bertan dauka indar gehien. Usurbilen 113 familia ari dira auzo konposta egiten, zortzi gunetan, eta beste 60 familia udalak azpiegitura noiz jarriko zain daude. Hernanin, Donostian, Eskoriatzan, Bergaran, Adunan, Zizurkilen, Aizarnazabalen, Zestoan, Azkoitian, Getarian eta Ormaiztegin ere hasi dira auzo-konposta egiten. Eta beste zenbaitetan izena emateko epea ireki dute eta kokapenak finkatzen ari dira».

Europa mailan, Flandrian oso hedatuta dago auzo-konposta, baita Estatu frantziarrean ere. Euskal Herrian, Gipuzkoaz gain, Arabako Burgelun eta Nafarroako Beran, Elizondon, Noainen, Taxoaren, Tafallan, Subizan, Eguesibarren, Oteizan eta Labianon egiten da konposta auzolanean.

«Printzipioz atez atekoarekin lotura zuzena ez dauka auzo-konpostak, baina kontua da hondakinekin gaiarekin konpromiso berriak hartzera doazen udalak direla gai honekin ere sentiberenak. Beraz, udalerri horietan, azpiegiturak jartzeko diru-laguntzak eskatzerik badago, Udalari ordaindu beharreko tasetan hobariak ezartzen dira… eta, jakina, honek bai, eragin zuzena dauka» azaldu digu Irazustak.

Bizilagunak hondakinen arazoaz jabetzea

Aipatutako bi udalerri horietako batean, Donostian, duela hilabete jarri zen martxan aurreneko auzo-konposta gunea, Añorga Txikin hain zuzen ere, eta berehala izango dira martxan Zubietakoa, Aietekoa, Igeldokoa eta Antiguakoa. Ingurumen zinegotzia den Axier Jakaren esanetan, «Donostiako bio-hondakina konpostatzen badugu, %40ra arte murriztu dezakegu gure zaborra, baina ez da hori auzo-konpostaren onura bakarra: ekimen honen bidez, hondakinek eragiten duten arazoaz jabetuko dira biztanleak, eta gainera kudeaketaren parte eta arduradun izango dira. Hondakinak, ezkutatu beharreko arazotzat hartu beharrean, lehengai bihurtzea bilatzen dugu». Hernanin ere bizilagun mordoak eman du izena, eta dagoeneko ari dira betetzen Atzietako kaleko konpost guneko ontziak.

Konpostajea, hitz gutxitan esanda, hondakin organikoak edo bio-hondakinak ongarri natural bihurtzea da. Hondakin hauek konpostagailuan sartzean, erreakzio mikrobiologiko bat gertatzen da. Onddoek eta mikrobioek materia organikoa desegin egiten dute, deskonposizioa sortuz. Sei hilabete inguru irauten du prozesuak. Konposta egin ahal izateko, lurra eskura izan behar da, eta hori nahikoa erraza da herri txikietan eta nekazal inguruan, baina ez hirietan. Irtenbidea? Eremu publiko egoki batean kokatutako konpost gunea partekatzea bizilagunek. Egitasmoan parte hartzen duten familiei ikastaro labur bat eskaintzen zaie, baita materia organikoa konpost gunera eramateko ontzi egokia eta bertako giltza ere. Lortutako konposta norberak bere etxean erabil dezake ongarri gisa, eta gainerakoa udalek kudeatzen dute.

Añorga Txikiko kasuan, 28 metro koadroko azalera dauka guneak, eta bertan 700 litroko lau konpostagailu jarri dira (bat bete da dagoeneko). Beste hiru ontzi ere badaude, bakoitza 300 litrokoa, baina hauetan material estrukturatzailea dago, inausketa txikitua gehienbat, beste ontzietako materia organikoarekin nahasteko eta hala prozesua errazteko eta konpost hobea lortzeko.

Egunetik egunera ari dira sortzen konpost guneak Gipuzkoan. Goierrin 2005ean abiatu zuen Sasieta Mankomunitateak etxean konposta egiteko kanpaina, eta orain auzolanera egin nahi du jauzi; Ormaiztegin martxan da dagoeneko gunea eta Legazpin ere laster hasiko dute froga piloto bat, urte amaierara arte, eta emaitza ona emanez gero herriko beste gune batzuetara zabalduko da eredu hori. Tolosan lau auzotan ari dira konposta egiten, hain zuzen ere Alliri, Izaskun eta Amarotzen. Arrasaten 140 herritarrek eman dute auzo-konposta egiteko izena, eta Aste Santuaren aurretik jasoko dute ikastaroa.