NAIZ.INFO
SANTURTZI

Kutxabankek Santurtzin duen egoitza bat okupatu dute etxe kaleratzeak salatzeko

Kutxabankek Santurtzin duen bulegoetako bat okupatu dute berrogeita hamar lagun inguruk, etxe kaleratzeak salatzeko.

Kutxabankek Santurtzin duen egoitzetako batera sartu dira protesta egitera. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Kutxabankek Santurtzin duen egoitzetako batera sartu dira protesta egitera. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ezkerraldeko hainbat elkarte eta kolektibok deituta, hainbat pertsona Kutxabankek Santurtziko Cristobal de Murrieta etorbidean duen egoitzara joan dira protesta egitera, baina  barrura sartu ezin izan zirenez Mendizabal Kapitainaren kalera joan dira, erakunde berberak duen bulegora.

50 lagun inguru barrura sartu dira, Kutxabankek etxe kaleratzeak gauzatzen jarraitzen duela salatzeko. Bost minutu inguru bulegoaren barruan egon ondoren, kalera atera dira eta Kutxabankek Udaletxe ondoan duen egoitzaren aurrean beste hamar minutu inguru egon dira.

Gorka Galdeanok salatu duenez, Bizkaian 100.399 pertsona daude langabezian eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren datuen arabera, «2.723 familia beren etxeetatik kaleratu dituzte 2012an, horietatik 608 Ezkerraldean».

Kutxabankek iaz 84,6 milioi euroko irabazi garbiak izan zituela gogoratu du, eta «30.000 milioi euro ditu populazioaren aurrezkietan». Gainera, Kutxabank osatzen duten hiru kutxen lehendakariek iaz «1,2 milioi euro baino gehiago» irabazi zituztela salatu du.