Naiz.info
Donostia

EH Bilduk Aresek legebiltzarkide bezala dimititu dezala eskatu du

EH Bilduk Rodolfo Ares, Estefania Beltran de Heredia eta Iñigo Cabacas hil zen eguneko operatibo buruaren agerraldiak eskatu ditu, «sailburuak gezurretan aritu direla argi geratu delako». Era berean, Ares PSEko legebiltzarkidearen dimisioa eskatu du.

GARA eta NAIZek kaleratutako ertzainen arteko elkarrizketek «agerian utzi dute Ertzaintzako buruek mina egitea bilatzen zutela eta herri honetako sektore sozial eta politiko baten kontra jotzeko erabaki politikoa zegoela. Iñigoren heriotza borondate horren ondorio latza izan zen, eta gar ezagutu dugun grabazioak argi utzi du hori ezin dela, inondik inora, istripu gisa hartu», esan du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentariak prentsa ohar baten bidez.

Egungo Segurtasun sailburu Estafanía Beltran de Heredia; bere aurreko Rodolfo Ares; eta egun hartako operatibo burua Gasteizko Legebiltzarrean «berehala» ager daitezela eskatu du, «egia kontatzeko obligazioa» dutela iritzita.

«Batak zein besteak grabazio hau ezagutzen zuten eta hrorek are argiago uzten du orain arte gezurretan aritu direla, ez dutela gertatutakoa argitu nahi izan».

«Ertzaintzaren jarduna justifikatzea, estaltzea eta zuritzea» egotzi die Beitialarrangoitiak. «Ez digute egia osoa kontatu; Ares gezurretan aritu zen hasieratik eta orain Beltran de Heredia ez da hobeto ari, onartezina baita gertatutakoa istripu gisa hartzea grabazioan mina egiteko gogoa agerikoa denean», esan du.

Ildo horretatik, Lakuako Gobernuaren «pasibotasuna» salatu du eta kargatzeko agindua eman zuen ertzain buruaren aurka neurririk ez hartu izana egotzi dio egungo Segurtasun sailburuari. Ertzan hori kargugabetzeko eskatu du. «Agente hori identifikatuta dago, egon behar du, eta Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzukizuna berari dagokio neurri handi batean, arduragabekeria baino erakusten ez duen agindu hura emateagatik», ohartarazi du.

Legebiltzarkide bezala dimititzeko eskaera Aresi

Julen Arzuaga EH Bilduko kideak legebiltzarkide bezala dimititu dezala esaktu dio Rodolfo Ares PSEko kideari, Iñigo Cabacas gaztearen inguruan esandako «gezurrak» tarteko euskal gizartea ordezkatzeko zilegitasunik ez duela iritzita.

Arzuagaren esanetan, grabazioek Ertzaintzaren jarduna «borondatez» egina izan zela erakuste dute, «eta ez ustekabekoa orduan Ertzaintzako zuzendari zen Jose Antonio Varelak esanda bezala».

Era berean, Gervasio Gabirondo egungo Ertzaintzaren zuzendaria denaren hitzak ere gezurtatu ditu. Egungo Segurtasun sailburu Estafanía Beltran de Herediarekin batera Aresek «inpunitatearen zirkulua» ixten duela gaineratu du, «onartu ezin den gauza izanik».