Aralarrek ohar bide gogorarazi du Gobernu espainolak ezarritako baldintzen aurrean, Nuclenorrek adierazi zuela Groña «ez zela bideragarria», inbertsio berriak egin behar zirelako eta ordaindu beharreko zergengatik.
Aralarren ustez, zentral nuklearrari esplotazio baimena berrituz gero, «zalantzan egongo lirateke horren inguruko segurtasun neurriak». «Zentrala zaharkituta dago eta arazo asko izan ditu, eta horrek biderkatu egiten ditu arriskuak», adierazi du.
Nolanahi ere, testuinguru teknikotik harago, «onura pribatuen aurrean interes publikoak derrigorrean defenditu behar direla» azpimarratu du alderdiak.
Aralarren aburuz, Garoñako arazoa ez da soilik bere itxiera, afera harago doala iritzi dio. «Beharrezkoa da energia nuklearra eta berriztagarriak ez diren beste energia guztiak baztertzen joatea, beharrezkoa da gaur egungo energia kontsumo mailen inguruko hausnarketa egitea», esan du.
Ildo horretatik, zentrala «behin betiko, berehala eta segurtasun neurri nahikoekin ixteko» eskatu dio Gobernu espainolari, eta Nuclenorren eskaerari ezezko emateko galdegin.