Inork gutxik, eta inoiz gutxitan, lortuko zuen proiektu beraren baitan PuntuEus elkarteak batu dituenak elkartzea: EiTB, Berria, GARA eta Noticias taldeak; EHU, Mondragon, UEU, Deustu eta Nevadako (CBS) unibertsitateak; Ikastolen Konfederazioa, Partaide, Elhuyar, Elkar, Txistulari Elkartea, Euskaltel fundazioa, Eusko Ikaskuntza... Goitik behera eta banan bana begiratzea merezi duen zerrenda da PuntuEus elkartean direnena, eta baita proiektuari euren babesa eman dioten milaka herritarrena ere.
.EUS domeinuaren onarpena baloratzeko agerraldian esan dute sustatzaileek ez dela fundazioaren lanari esker soilik lortu, «milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik» izan dela posible, «euskarazko internet posible egiten duten horiei guztiei esker, euskarazko tresnak eta denetariko aplikazioak sortzen eta erabiltzen dituzten horiei guztiei esker». Euskararen herriak lortu berri duen tresna «komunitate oso bat elkarlotzeko gaitasuna duen tresna» dela esan dute, eta abiatzerako lortu du, neurri batean, helburua.
Denok ditugu aspalditik ezagun .COM, .NET, .ORG domeinuak; ohikoak dira .ES eta .FR eta .INFO edo .EDU bezalakoak; baina 2005ean domeinuen arautzeaz arduratzen den ICANN erakundeak .CAT onartu zuen, lehen aldiz hizkuntza eta kultura komunitate bati lotutako izena sortuz sarean.
PuntuEUS elkartea eta atxikimenduak
Aukera berria zen, ordura arte egon gabekoa eta bide horri helduta ekin zioten aitormenaren bila galegoak (atzo onartu zioten), bretoierak (orain hilabete jaso zuten onarpena) edo euskarak, besteak beste.
2008an PuntuEUS elkartea sortu zuten eremu ezberdinetako hamaika elkartek. Interneten lanean ari zirenak ziren tartean, eremu akademikoari loturikoak eta baita komunikazio eremukoak ere. 2009ko urtarrilean iragarri zuten .EUS domeinua lortzeko lanari ekingo ziotela. Hurrengo bost hilabetetan 25.000 herritarren atxikimendua jaso zuten eta 30 elkarte batu ziren PuntuEUSera (57 dira orain).
2010eko martxoan proiektua aurkezteko moduan izango zirela uste zuten orduan, baina 2009 amaitzerako jakin zuten ez zela posible izango.
Fundazioa eta azken txanpa
2011ko ekainaren 20an PuntoEUS elkartea eta bere xedea bururaino eramango zuen fasea hasi zen, ordea. ICANNek 2012ko urtarriletik aurrera lehen mailako (gTLD) domeinu berriak eskatzeko epea irekiko zuela iragarri baizuen. Hori jakin orduko esan zuten euskal elkartetik 2012an .EUS-en eskaria egiteko moduan izango zirela.
Bide horretan 2012ko martxoan elkartearen izen bera daraman fundazioa aurkeztu zuten, domeinuaren eskaria egin, euskararen eta euskal kulturaren komunitatea ordezkatu eta domeinua iristen zen eguneran bera kudeatzeko ordezkari gisa. Proiektua osatu eta maiatzean bidali zioten proiektua ICANN erakundeari. Aste pare batera hurrengo fasera igaro zela jakin zuten eta atzo, .EUS domeinua onartu dutela.
Aitortza lortu du sarean euskarak, baina agerraldian esan duten moduan «euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua» domeinu hori bera «erabiltzea, ikustea eta indartzea da», sarea ehuntzea.