Naiz.info
Baiona

«Oso larritzat» jo ditu Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak azken egunetako atxiloketak

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak «oso larritzat» jo ditu Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillagaren atxiloketak eta Estatu frantsesak eta espainolak «garai beltzetara» itzularazi nahi dutela ohartarazi du.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gogor salatu ditu azken egunetako atxiloketak. «Ez gara gaizkileak, atxiloketa eta torturen ihesi sorterria atzean utzi behar izan duten pertsonak gara, gure herria libre bilakatu eta libre ikusi nahi dutenak». Atzemateak «oso larriak» direla iritzi dio.

Halaber, Jokin Aranalde mintzaide taldeko kidea txilotu izanak «bereziki larri» bilakatzen du gertatutakoa, «horrekin kolektibo osoaren aurka egiten baita».

«Errepresioaren kolpeekin gibelarazi nahi gaituzte, atzean utzi nahi dugun garai beltz horretara itzularazi, baina honen guztiaren aitzinean aurrera jarraituko dugu», adierazi du ohar bidez. 

Arazo politikoa konpontzeko oinarria akordioetan dagoela iritzi dio kolektibo horrek eta beraiek ekainaren 15ean Biarritzen egindako proposamenari eutsiz jarraitzen dutela ohartarazi du. «Arduraz jokatzeko garaiak dira honakoak eta ardura horri ilusioz eta gogoz eutsiko diogula adierazi nahi dugu».