@gara_augarte
DONOSTIA

Basterretxea, ‘Egin’ eta ‘Egunkaria’ko langileen ekarpena omendu du Gipuzkoako Aldundiak

Nestor Basterretxea artistak, eta ‘Egin’ eta ‘Egunkaria’ko langileek Gipuzkoako Diputazioaren omenaldia eta esker ona jaso dute gaur arratsaldean. Urrezko Dominarekin, artista bermeotarraren ibilbidea eta ekarpena eskertu nahi izan du Aldundiak, eta bereizgarriekin, berriz, Auzitegi Nazional espainolaren aginduz itxi zituzten bi komunikazio proiektuen adierazpen askatasunaren eta euskararen normalizazioaren aldeko lana.

Nestor Basterretxea eta ‘Egin’ eta ‘Egunkariari’ omenaldia egin die Gipuzkoako Aldundiak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Nestor Basterretxea eta ‘Egin’ eta ‘Egunkariari’ omenaldia egin die Gipuzkoako Aldundiak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Nestor Basterretxeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso du gaur arratsaldean Martin Garitano ahaldun nagusiaren eskutik, bere ibilbidearen omenez eta Euskal Herriari egin dion ekarpenari esker ona adierazteko. Ekitaldi berean urrezko bereizgarria jaso dute ‘Egin’, Egin Irratia eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ko langile ohiek.

Foru jauregiaren kanpoaldean, Gipuzkoa plazan, eman diote hasiera ekitaldiari, ezpatadantzarekin. Ondoren, omendu, gonbidatu eta agintariak barrura sartu dira eta han egin dute domina eta bereizgarrien banaketa. Jendetsua izan da ekitaldia, eta omenduez gain agintari ugari bildu dira, tartean Karlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Lakuako Gobernuko Kultura sailburuorde Joxean Muñoz eta hainbat alderditako politikariak. Euskalgintza eta kultura alorreko ordezkariak ere izan dira, hala nola Jose Angel Irigarai eta Juan Garmendia Larrañaga etnografoa, besteak beste.

«Artista osoa»

Basterretxearen kasuan, Gipuzkoan finkatua den artista bermeotarraren ekarpena saritu nahi izan du Diputazioak. Artista «osoa eta polifazetikoa» dela nabarmendu du Garitanok, «beti Euskal Herriko historia eta kultura ardatz izan dituena». Haren elkartasun izaera ere izan du hizpide.

Basterretxeak «bihotz bihotzez» eskertu du Urrezko Domina eta saria ez zuela espero aitortu du. Ekitaldi osoa gurpildun aulkian eman badu ere, domina jasotzeko zutitu egin da. Umorea ere erakutsi du eta esan du txikitan eskolan beti «matematiketan 0 eta marrazketan 10» ateratzen zuela ikusi ondoren erabaki zuela bigarren diziplina horretara dedikatzea.

Ahotsik gabekoen alde

‘Egin’ egunkariari eta Egin Irratiko langileei buruz, berriz, Francoren diktaduraren ondoren adierazpen askatasunaren alde egin zuen lana eskertu nahi izan du Diputazioak, «ahulenen eta ahotsik gabekoen alde egindako lana». «Pluraltasun politikoaren alde» ere beren «aletxoa» jarri izana kontuan hartu du.

Iñaki Iriondo kazetariak hartu du hitza ‘Egin’eko langile ohien izenean, Tomas Arrizabalaga eta Ixiar Arteaga ondoan zituela. Saria jasotzea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du. Garzonen aginduz egunkaria eta irratia itxi zituztenean pertsona askok lana galdu zutela gogora ekarri du, baina itxieraren ondorioak «are latzagoak» direla erantsi du, izan ere, oraindik hamar lagunek preso jarraitzen baitute horren ondorioz. Kaltea langile multzo bati ez ezik, Euskal Herriari ere egin zitzaiola esan du. «Gure herriari ahots bat lapurtu zitzaion».

Izaera zabala eta independentea

‘Egunkaria’ri dagokionez, Foru Aldundiak bere izaera «zabala, plurala, baterakoia, profesionala, ez instituzionala eta independentea» hartu ditu aintzat saria ematerako orduan. Komunikabide horretako langileek garai zailetan kazetaritza euskaraz egitea posible zela erakutsi zuten, Garitanok nabarmendu duenez.

‘Egunkaria’ko langileen ordezkariek –Ainhoa Albisu, Bego Zubelzu eta Gurutze Zabaltza– omenaldia eskertu eta oraindik auzi ekonomikoa dela-eta epaiketaren zain dauden lankideei eskaini diete jasotako saria.

Auzitegi Nazional espainolak itxi zituen bi komunikabide horietako beharginei esker, gaur egun Euskal Herriaren historia «hobeto» uler dezakegula nabarmendu du Martin Garitano diputatu nagusiak.