@aimar_etxe
DONOSTIA

Astebetean 34 donostiar epaituko dituzte arrazoi politikoak medio

Hiru sumario ezberdinetan banatuta bada ere, 34 donostiar epaituko dituzte astebeteko epean. Hauetariko 25 2009ko hauteskunde autonomikoetan legez kanporatzea salatu eta berauetan parte hartzeko eskubidea egikaritu nahi izateagatik izango dira epaituak, ostiraletik aurrera. Gainontzeko bederatziak datorren astean Madrilen abiaraziko diren bi makroepaiketetan epaituko dituzte.

Epaiketa ezberdinetan prozesatuta dauden donostiarren prentsaurrekoa, Bulebarrean. (@AIMAR_ETXE)
Epaiketa ezberdinetan prozesatuta dauden donostiarren prentsaurrekoa, Bulebarrean. (@AIMAR_ETXE)

«Epaiketen gainetik, herritar librez osaturiko herri librearen alde» indarrak biltzeko deia egin dute Donostian astebeteko epean epaituak izango diren 34 pertsonek. 25 donostiarren aurkako 23/2011 prozeduran auziperatua den Ane Sarriegi eta 35/02 sumarioan inputatua dagoen Agus Rodrigezek hartu dute hitza.

Ostiral honetan abiatuko da 2009ko hauteskunde autonomikoetan legez kanporatzea salatu eta bozetan parte hartzeko eskubidea egikaritu nahi izateagatik egingo den 25 pertsonen aurkako epaiketa. Hiru urte arteko kartzela zigorrei egin beharko diete aurre.

Bestalde, bederatzi donostiar izango dira epaituak datorren astetik aurrera, sei gazte mugimenduaren aurka abiatuko den prozeduran eta hiru 35/02 sumarioaren baitan.

Egoera honen aurrean, herri harresia osatzeko deia egin dute. «Elkartasuna eta konpromisoarekin, denon ekarpen txikiaz, lortuko dugu epaiketa politikoak geratzea», adierazi dute.

Hori horrela, ostiral honetan -25 donostiarren aurkako epaiketa hasten den egunean- konzentrazioa egingo dute, goizeko 9.00etan, Egiako epaitegiaren aurrean. Era berean, herri harresiak antolatu dituzte urriaren 19rako. 12.00etan abiatuko dira auzo ezberdinetatik eta ondoren, 13.00etan, ekitaldia egingo dute Grosen.

Deialdi hauez gain, libre.epaiketarikez.org webgunean atxikimendua ematera gonbidatu dituzte hiritarrak.