Ainara Lertxundi

«Umeok sukaldetik ahal genuena lapurtzen genuen»

Clotilde Morales, madrildarra, hamar urterekin iritsi zen bere anai-arreba eta gurasoekin Gurseko kontzentrazio-esparrura, 1940an. Polizia frantsesak eraman zituen hara. Ordurako, dena den, Bretainian zeuden beste bi kontzentrazio-esparruetan egona zen. Gerratearengandik ihesean, 1939ko otsailaren 6an, gauerdian, muga zeharkatu zuten.

Petra Sastre, donostiarra jaiotzez, eskubian, bere bi seme- alabekin Gurseko sarreran. (Ainara Lertxundi)
Petra Sastre, donostiarra jaiotzez, eskubian, bere bi seme- alabekin Gurseko sarreran. (Ainara Lertxundi)

«Hotz izugarria eta elurra egiten zuen. Gizonezkoak alde batera eta emakumeak eta haurrak bestera. Ama eta ni tren batean sartu gintuzten, ez genekien norantz gindoazen. Hiru egun eta hiru gau eman genituen tren horretan. Bretainiara ailegatzean, gaztelu eder batera eraman gintuzten. Hasiera batean, 1914ko gudako soldaduentzat prestatu zuten, baina azkenean ez zuten erabili, beraz, guk estreinatu genuen. Ohialezko zaku txiki batzuetan egiten genuen lo. Han hiru hilabetez egon ginen», azaldu zien atzo hedabideei Moralesek, Gurseko herrian.

II. Mundu Gerra hastean, gaztelu horretatik atera eta irla batera eraman zituzten, kontserbak egiteko fabrika batera, hain zuzen. «Sardinak bezalaxe geunden, bata bestearen alboan. Zorriak non-nahi zeuden eta hazteria edukitzea oso arrunta zen. Amek ahal zuten moduan garbitzen zituzten beren seme-alabak. Bien bitartean, nire aita Gursen zegoen. Lan-talde batean aurrera egitea lortu zuen. Oloronen lana aurkitu eta franko gutxi batzuk bildu zituenean berarekin elkartu ginen. Garai horretan jaio zen nire ahizpa, baina hilabete zuenean, bi jendarme etorri zitzaizkigun gure bila. Kamioi batean sartu eta Gursera. Berriro ere banandu gintuzten. Nire ahizpak bronkoneumonia harrapatu eta hilzorian egon zen. Gursen zegoen mediku katalan bati esker sendatu zen», ekarri zuen gogora.

Gursen bi urte egon ziren, 1940tik 1942ra, alegia. Bizi-baldintzei buruz galdetuta, eskasak zirela adierazi zuen: «Umeek sukaldetik ahal genuena lapurtzen genuen, arbiak gehienbat. Berogailuaren gainean jarri eta hala janari itxura hartzen zuten. Neguan euri asko egiten zuen eta lokatz handia zegoen. Komunak kanpoan zeuden. Gurs arratoiz josia zegoen. Behin, nire amak besoan zerbait nabaritu eta nire ahizpa zela pentsatu zuen, baina ez, arratoi bat zen. Judu pilo bat hiltzen zen, errefuxiatu errepublikarrak jada ohituta geunden bizi-baldintza kaskarretara, izan ere, hiru urteko gerrate bat genuen bizkar gainean», gaineratu zuen Moralesek.

Oso kritikoa da frantses agintariek izan zuten jokabidearekin. «Ogi zati txiki-txiki bat gehiago nahi bazenuen, katixima ikastea behartzen zintuzten. Ni ez naiz sinestuna, baina ikasi nuen ogi pusketa hori jaten. Anaiari ez zioten eman, ikasteari uko egin baitzion». Aitzitik, herritarrek emandako laguntza eskertu eta nabarmendu zuen.

Estenaga familiak esku artean zeramatzan garaiko argazkiak. Maite Estenagaren aitona, Pedro Sastre, eta aita, Erramon Estenaga bilbotarra, Gursen egon ziren. Atzo, bere ama eta anaiarekin geraturatu zen beste behin ere. «Bada garaia halako omenaldiak egiteko, askatasunaren alde borrokatu zuten», plazaratu zuen Petra Sastrek (Maite Estenagaren amak). Bera ez zen Gursen egon, bai ordea errefuxiatuta eta alemanak Estatu frantsesean sartu zirenean, Gestapok atxilotu eta zenbait hilabete eman zituen preso amarekin batera. «Errefuxiatu errepublikarrak deabruak bagina bezala ikusten gintuzten. Buztana ote zuten ikusteko asmoz hurbiltzen ziren. Behin aita hasarretu eta zera esan zien: ‘buztana bai, baina aurrealdean’».

Frantsesek errefuxiatuekiko izan zuten jarrerari buruz mintzatzean, gogoan ditu oraindik esaten zietena: «Pozik ez bazaudete, hor duzue muga, nahikoa egin dugu zuek hartzearekin».

Bitartean, Alfredo Revueltak, 85 urtekoak, hilerriari eta bertan dagoen oroigarriari argazkiak ateratzen zizkion. Sei hilabetez egon zen 16 urte zituenean. Ez zuen elkarrizketarik egiterik nahi izan: «Barkatu, orain ezin dut hitz egin, hunkituta nago», esan zuen.

*2006ko maiatzaren 28an argitaratua