Espainiako Auzitegi Nazionalak Auzitegi Gorenari itxaron gabe beste bederatzi euskal presoren askatasuna ebatzi du. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena zuzenean aplikatzea erabaki dute, beraz. Gaur aske utzi dituztenek, ordea, eta guztien artean, 40 urte inguru egin dituzte espetxean legez kanpo.
Txomin Troitiño donostiarra 1987an espetxeratu zuten, 2006ko maiatzaren 5ean aske behar zuen baina espetxealdia luzatu zioten irteera data berria 2017ra luzatuz. Joseba Artolak ere Troitiñoren urte berean behar zuen aske, 1986ean atxilotu zuten eta 2006ko maiatzaren 18rako zuen irteera data.
Aipamen berezia merezi duena Patxi Gomezen kasua. 1989an espetxeratu zuten eta 2006ko ekainean behar zuen aske. Hori luzatu eta 2009ko apirilean utzi zuten libre 20 urte espetxean bete ostean. Urte bereko abenduan Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra berrikusi zuen eta 197/2006 doktrina oinarri hartuz 10 urte gehiagoko espetxeratzea ezarri zioten. Iazko otsailean espetxeratu zuten beste hamarkada baterako. Ortuellan, bere herrian, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EAJ, Bildu eta PSE) eskatu zuten gutxira bere askatasuna.
Luis Mari Azkargorta bergararra 1988an atxilotu zuten, aske behar zuen 2007tik espainiar legediaren arabera baina zigorra 2018ra arte luzatu zioten.
Iñaki Urdiain barañaindarra eta Jokin Santxo iruindarra 1989an espetxeratu zituzten. Biek orain lau urte behar zuten aske baina 2019ra arte luzatu zieten espetxeratzea.
Isidro Garalde ondarroarra 1985ean espetxeratu zuten Frantzian. Aske utzi eta berriz atxilotu zuten gutxira eta 1992an Espainiaratu egin zuten. 2010eko otsaila arteko espetxe zigorra ezarri zioten, espetxealdia amaitzera zijoala, hiru hilabete lehenago, beste 11 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 197/2006 doktrina oinarri. Bere kasuan, gainera, gaixotasun larria du eta horregatik ere aske behar zuen.
Jon Aginagalde donostiarrak ere 2010eko uztailetik kalean behar zuen. 1984ean espetxeratu zuten eta 29 urte egin ditu espetxean.
Elias Fermandez bermetorra 1986an espetxeratu zuten eta irteera data 2011ko maiatzaren 27rako jarri zioten. Auzitegi Gorenaren doktrina ezarri eta 2016ra luzatu zioten espetxealdia.
2010ean Raul Ibañez eta 2007an Jon Urkizu
Auzitegi Nazionalak bederatzi kasu hauez gain beste bi ere bazituen gaur aztergai, hauen kasuan kaleratzea ez du onartu. Jon Urkizu pasaitarraren kasuan bere auzia Konstituzio Auzitegian dagoela argudiatu dute. San Pedrokoa 1986an espexeratu zuten eta 2007ko uztailean aske behar zuen, orain sei urte. Raul Ibañez basauriarraren kasuan 1991an espetxeratu zuten eta orain hiru urte aske behar zuen baina zigorra 2021era luzatu zioten.