NAIZ.INFO
DONOSTIA

Zubietako errauskailua geldituta, «emandako hitza bete» duela nabarmendu du EH Bilduk

2011ko foru eta udal hauteskundeetan errauste planta gelditzea eta birziklapenean oinarritutako hondakinen inguruko politika bultzatzea zuen helburu EH Bilduk eta, Zubietako proiektua geldituta, hitza bete duela azpimarratu du. Orain, hondakinen estrategia integrala diseinatu eta garatzeko, elkarlanerako deia egin du koalizioak.

Donostian eskainitako agerraldi batean, Gipuzkoako EH Bilduren ordezkaritza batek Zubietako erraustegia gelditzeko Aldundiak, GHK-k eta UTEko enpresak lortu duten akordioa baloratzeko.

«Mehatxu hau hamar urte baino gehiago egon da gure lurraldean, baina dagoeneko esan daiteke argi eta garbi Zubietako errauste planta historia dela», adierazi dute, Gipuzkoako herritar guztiak zoriondu ondoren.

Gogoratu dutenez, 2011ko udal eta foru hauteskundeetan, errauste planta gelditzea eta hiri hondakinen inguruko politika berriak ezartzea izan ziren koalizio abertzalearen apustu nagusietarikoak.

Ondoren, gobernu arduretan, erraustegiaren proiektua eraiki ez zedin «gure esku zegoen guztia» egin dutela azpimarratu dute.

«Beraz, EH Bildurik bozka eman zioten edota modu batera edo bestera erraustegiaren proiektua gelditzearen alde lan egin duten hamarka mila herritarren garaipena ere badela» nabarmendu dute.

Bi urte hauetan gestio txarraz hitz egiten aritu direnei erantzunez, atzo aurkeztutako sinadurak kontrakoa erakusten duela esan dute. «Haiek eraikitako tranpaz beteriko eszenatoki horretan, enpresekin, herritarrekin eta birziklatzeko betebeharraren bueltan akordioak sustatu eta lortzeko gauza garela» frogatu dute, hain zuzen.

Orain, aldiz, Gipuzkoan fase berri bat ireki dela uste dute eta koalizioak «ardura handiz jokatzeko konpromisoa» berretsi du.

«Gure pozak ez dio izkin egiten politikoki dugun erantzukizunari eta prest gaude hondakinen estrategia integrala diseinatu eta garatzeko elkarlanean aritzeko», gaineratu dute, «denon ekarpena eta ahalegina» ezinbesteko direla azalduz.