Uholde laranja batek Durangoko kaleak hartu ditu eguerdian. Ezkutuan dauden lau gazteen eta gainontzeko auzipetuen deialdia jarraituz, jende andanak parte hartu du antifazekin mozorroturik egin duten martxa desobedientean.
Elektrotxaranga batek girotu du azokatik abiatu den kalejira. Durangoko kaleak zeharkatu ondoren, ekitaldia egin dute eta bertan Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteak azokan grabaturiko bideoa jarri dute. Bi gazteak igandeko GARA eskuan agertu dira, bertan zeudela baieztatzeko. Pinedo eta Ruizek bidali duten mezuan beren hautua berretsi dute eta jendearen babesa eskertu dute.
Madrilen burutzen ari diren epaiketan auzipetuta dauden gazteek eman diote amaiera ekitaldiari eta elkartasunetik konpromisora eman beharreko urratsa aldarrikatu.