Jean-Marc Ayrault lehen ministro frantsesak adierazi duenez, Europako Hizkuntza Gutxituen Karta berresteko proposamena aurkeztu du Asanblea Nazionalean, eta lehentasuna duten gaien zerrendan izango da. Bretainiako diputatuek bultzatuta aurkeztu du proposamena PSk.
‘Le Monde’ egunkariaren arabera, ituna berresteko prest dago ministroa Konstituzioan beharrezkoa den aldaketa egiteko.
Ayraultek hartu duen bidea lege konstituzionalerako proposamena omen da. Aurrera ateratzeko Parlamentuaren eta Senatuaren gehiengo sinplea nahikoa da, baina ondotik, indarrean sar dadin, erreferendumean onartu beharko lukete herritarrek.
Beste aukera Gobernuak lege proposamena aurkeztea da, baina kasu horretan Parlamentuak eta Senatuak bozka bakarra egingo lukete eta ekimena onartzeko botoen hiru bosten beharko litzateke.
François Hollandek, presidente izateko hautagai zela, Hizkuntza Gutxituen Europako Karta berretsiko zuela hitz eman zuen, baina Estatu Kontseiluaren iritzi ezkorraren ondoren 2013ko urtearen hastapenean ituna berresteak beharko luken Konstituzioaren aldaketa ez egitea erabaki zuen Gobernu frantsesak. Azaroan, Kultura Ministerioak ituna ez zuela berretsiko baieztatu zuen.