@aimar_etxe
Donostia

Larunbateko manifestazioak «etorkizunari begira jartzeko balio izan behar duela» dio Ortuzarrek

«Iraganari begiratzeari utzi eta inflexio puntu bat behar dela» esan du EBBko presidente Andoni Ortuzarrek prentsaurrean. Larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsuari egin dio erreferentzia: «Salbuespen erantzun gisa» azaldu du EAJren parte hartzea, baina «etorkizunari begira jartzeko balio izan behar duela» nabarmendu du.

Joseba Egibar, Andoni Ortuzar eta Pilar Garcia de Salazar, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Joseba Egibar, Andoni Ortuzar eta Pilar Garcia de Salazar, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ikusmin handia piztu du hedabideen artean Andoni Ortuzarrek Donostian eskaini duen prentsaurrekoak. Larunbateko manifestazioarekin bat egin izanak harrabotsa sortu du, batez ere Estatuko alderdiengan, eta gaurko agerraldia baliatu du gertatutakoaz balantzea egiteko.

«Salbuespeneko egoera batek» eragindako «salbuespen erantzun gisa» deskribatu du Ortuzarrek EAJk larunbateko manifestazioan parte hartu izana, baina, bere iritziz, etorkizunera begiratzeko garaia ere bada. «Etorkizunari begira jartzeko balio izan behar du, garai txarren amaiera izan behar du».

«Inflexio puntu bat» beharrezkoa de EBBko presidentearen aburuz eta «iraganari begiratzeari utzi» behar zaiola iritzi dio. Etorkizunean Sorturekin izan dezaken balizko elkarlanaren inguruan esan du hori alderdi abertzalearen esku dagoela, «bera baita urratsak eman behar dituena». Ukatu egin du une oro larunbatekoak Sorturekin dituzten harremanak aldatzeko balio izango duenik. «Sorturekin ditugun harremanak bere horretan jarraitzen dute, ez hobeto eta ez okerrago».

Etorkizun laburrean «pauso esanguratsuak» espero ditu Ortuzarrek gatazkari dagokionean eta datozen sei hilabeteetan eman beharreko pausoez mintzatu da: «ETAk armak uztea, Rajoyk bere politika aldatzea eta, bakea eta bizikidetzari dagokionez, akordioetara iristea».

Kazetarien galderei erantzunez, manifestazioan zehar entzun ziren oihuek «etsipena» sortu ziotela adierazi du baina inondik inora ez zela deseroso sentitu gaineratu du. «Ez nuen une bakar batez ere manifestazioa uztea pentsatu», adierazi du.