NAIZ.INFO
PARIS

Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteari bide eman dio Asanblea Nazional frantsesak

Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea ahalbidetuko duen lege proposamenaren alde bozkatu du Asanblea Nazional frantsesak. 361 diputatuk alde egin dute eta 149k, aurka.

Asanblea Nazional frantsesaren irudia, aurreko saio batean. (ASSEMBLÉE NATIONALE)
Asanblea Nazional frantsesaren irudia, aurreko saio batean. (ASSEMBLÉE NATIONALE)

Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren berrestea bideratuko lukeen Konstituzioaren aldaketa joan zen astean eztabaidatu zuten diputatu frantsesek. Bozketa, berriz, gaur arratsaldean egin dute Asanblea Nazional frantsesean eta aurrera atera da. Guztira 510 diputatu parte hartu dute bozketan, horietatik 361ek aldaketaren alde egin dute, eta 149k, aurka.

UMPko ordezkari Didier Geoffroyk bere alderdiak aurka bozkatuko zuela iragarri badu ere, hainbat diputatuk lege proposamenaren alde egin dute.

Hemendik aurrera, prozedurak bi bide izan ditzake: Senatuan aztertu eta bozkatzea, eta ondoren erreferenduma egitea Estatu osoan.

Bigarren aukera da Gobernu frantsesak proposamena bere egitea eta lege proiektu konstituzionala aurkeztea. Kongresua (Senatua + Asanblea Nazionala saio berean) bildu eta 3/5 babesa jaso beharko luke kasu horretan. Bide honek erreferenduma saihestuko luke, eta hori da Gobernuak nahi duena.

Alderdien erreakzioak eztabaidan

Bozketa egin aurretik, sei deputatuk hartu dute hitza eztabaidan zehar. UDIko Thierry Benoit ordezkariak aldeko boza emango zuela adierazi du Gobernu frantsesari gardentasunez aintzinatzea eskatuz, erreferendum bat eginen den edo ez azaltzeko.

Paul Molac diputatu ekologistak, bere aldetik, Euroituna berresteak hizkuntza gutxituen koofizialtasuna ez lukeela onartuko ohartarazi, eta legearen alde masiboki bozkatzea eskatu du.

Ondotik, Paul Giaccobi Kortsikako ordezkariak hartu du hitza eta Konstituzio frantsesa aldatzeko Kontseilu Konstituzionalak ezin duela trabarik ezarri aldarrikatu du.

Andre Chassaigneren aburuz, bestalde, lege proposamenaren 53-3 artikuluarekin arazo konstituzionalak sahiestuko liratekeela defendatu du.

Colette Capdevielle PSko ordezkariak seinale azkar bidali nahi izan die Estatu frantseseko biztanleei, eta horretarako Euroituna berresteak hizkuntza gutxituak babestuko lituzkela babestu du.

UMPko Guy Geoffroy-k, azkenik, François Hollanderen Exekutiboaren «hipokresia» izan du jo mugan, bere iritziz, Gobernu frantsesak afera honetan «ez duelako prozedura logikoa jarraituko», erreferenduma deitzea ekidin dezakeelako. Parisko Gobernuaren jokamoldea «ridikuloa» dela salatu du Geoffroyk, eta UMPkoek legearen aurka bozkatuko dutela azaldu du, nahiz eta bozketaren orduan alderdiko ordezkari zenbaitek alde bozkatu duten.