NAIZ.INFO
BILBO

MCCk eta Fagorrek bazkide ez diren langileak «mespretxatzen» dituztela salatu du ELAk

Mondragon Taldeak eta Fagor Etxetresnak enpresak bazkide ez diren Grumal eta Edesako langileekiko «mespretxua» erakusten duela salatu du ELA sindikatuak.

ELAren egoitzan egin dute agerraldia Edesa eta Grumaleko ordezkariek. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
ELAren egoitzan egin dute agerraldia Edesa eta Grumaleko ordezkariek. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Itziar Larrazabal ELAko Industria federazioko arduradunek eta Joseba Villarreal negoziazio kolektiboko arduradunek agerraldian egin dute Bilbon, Grumal eta Edesako lan batzordeetako ordezkariekin. Salatu dutenez, azaroaren 28an Fagor Etxetresnak taldea hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik «mespretxua, diskriminazioa eta informazio falta» besterik ez ditu erakutsi Mondragon taldeak Grumal, Edesa eta Fagorreko bazkide ez diren langileekiko. Guztira, 360 inguru dira, ELAren arabera.

Azaldu dutenez, ordutik «birritan baino» ez dute izan aukera Fagor Etxetresnak taldeko arduradunen batekin biltzeko, eta «gauza bakarra utzi digute argi. besteren kontura diharduten langileekin jarraitzeko asmorik ez dutela».

«Mondragon Taldea eta Fagor Taldea ez dira agertu ere egin prozesu honetan, administrazio konkurtsalak kudeatu behar duelako aitzakiaz», adierazi dute.

Azaldu dutenez, hiru lantegien egoera desberdina da. Edesak 200 bazkide kooperatibista ditu Basaurin eta beste 20 soldatapeko. Arrasaten eta Estatu espainolean beste 62 langile ditu, besteren kontura dihardutenak.

Grumali dagokionez, soldatapeko 148 langile ditu, baina horietatik 52 kooperatibista gisa jardun dira denbora batez Fagorren hainbat lantokitan, abenduaren 31 arte.

ELAk salatu duenez, hartzekodunen aurrekonkurtsoaren «lehen unetik amaieraraino multinazionalik gogorrenak ere ez die tratu hain txarra eman langileei eta hauen ordezkariei: komunikazio eza, bilerak egin ezina, erantzunik ez galderei, irtenbideak bilatzeko borondaterik ez...».

Erakundeei ere deia egin die sindikatuak eta, Lakuako Gobernuari zehazki, Fagor eta MCCko bideragarritasun planari «euro bakar bat» ere ez emateko eskatu diote, bazkide ez diren langileei irtenbiderik ez badie aurkitzen. Bestela, langile horien kaleratzeen «konplize zuzena» bilakatuko litzatekeela ohartarazi du.