GARA

Ideien lehian jarduteko eratua, Iratzar Fundazioa aurkeztuko du Sortuk

Gaurdaino piztu ez diren energia eraldatzaile eta askatzaileak iratzartzeko asmoz, bere erabakien menpe baina jarduera autonomoa izango duen fundazioa aurkeztuko du gaur Sortuk: Iratzar Fundazioa. Ideien lehian aritzeko gunea izango da eta Floren Aoiz izango du zuzendari.

Sorturen lehenengo urteurrenaren karietara, zenbait ekimen antolatu ditu alderdiak datozen egunetarako, Iratzar Fundazioaren aurkezpen ekitaldia, esaterako. Gaur aurkeztuko du Sortuk bere fundazioa Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duten ekitaldi batean. Floren Aoiz fundazioko zuzendari izango denak eta Hasier Arraiz alderdiaren Kontseilu Nazionaleko kideak hartuko dute hitza bertan.

Iratzar alderdi politikoen fundazioen marko barruan kokatzen den fundazio bat izango da, Sorturen erabakien menpe baina jarduera autonomoa garatuko duena. Nolanahi ere, Sortu «ohiko alderdia ez delarik», Iratzar Fundazioa ere ez da «ohiko» fundazioa izango, alderdiko iturriek GARAri jakinarazitakoaren arabera. Hala, Sorturen helburua ez da «pentsalari-adituen klub elitista» bat antolatzea, «jakintza, hausnarketa, azterketa eta egitasmoen formulazio gaitasunaren herritartzea baizik».

Lehia ideologikoan egingo du, beraz, bere ekarpena Iratzar Fundazioak, lehia hau irabazteko epe luzeko apustu eta jarduerak beharrezkoak direla sinetsita. Alabaina, iragana, oraina eta etorkizuna uztartuko ditu; izan ere, orientazio egokia bermatzeko, «nondik gatozen, nora goazen eta non gauden» jakin beharra dagoela uste baitute fundazioaren sustatzaileek.

Ildo horretan, Euskal Herriko afera politikoaren historia ezker independentistak berak kontatu behar duela-eta, kapital hori biltzeko, ordenatzeko eta kudeatzeko erronkari aurre egingo dio fundazioak, iragana aintzat harturik, geroari begira jartzeko.

Halaber, ezker abertzalea eta Euskal Herria munduko askapen ahaleginei begira jarriko du Iratzarrek, munduan egiten diren ekarpen teoriko-praktiko guztiak arretaz jarraituz eta, ahal edota komeni den heinean, horiek Euskal Herrira ekarriz.

Hori guztia, ostera, urratsez urrats egingo du Iratzarri Fundazioak, epe luzeko egitasmoa izanik, gaurkotasunak markatzen dituen denboren menpekotasunetik harago jartzea baitu helburu. Hala, lehenbiziko fasean fundazioa abiatzea izango dute lehentasun, Sorturen Kontseiluko hainbat kide eta militante historiko biltzen dituen Patronatua osatuz -hamabost kidek osatuko dute-, oinarrizko lantaldea martxan jarriz -Floren Aoiz zuzendari eta Maite Diaz de Heredia kudeatzaile izanda- eta lehen plangintza garatuz.

Urteurrenaren harira antolatu den beste ekitaldia igandekoa da, ekitaldi politikoa eta herri bazkaria antolatu baititu Sortuk Oiartzunen. Ekitaldia 12.30ean izango da, Elorsoro kiroldegian.