Iñigo Urkullu izan da Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako iragarpenaz mintzatzen lehena. Lakuak «ETAk emandako pausoa aintzat» hartzen duela adierazi du. «Pauso txikia da» Urkulluren aburuz, «ez da nahikoa», baina bere iritziz «ezinbestekoa da armagabetzea gauzatzeko».
Goizean bildu da lehendakaria Ram Manikkalingam buru duen ordezkaritzarekin eta beraien bitartekaritza lana goratu du arratsaldeko 15.30ean eskaini duen agerraldi laburrean. NEBen jarduna «fidagarria eta ziurra da» eta bere babes osoa agertu dio.
«ETAren desegitearen ibilbidean», ostera, «mugarri garrantzitsu bat» dagoela ohartarazi du Urkulluk; «indarkeriaren ondorioz sortutako kaltea onartzea».
«Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitu oinarri horietan», adierazi du Lakuako buruak, nazioarteko egiaztatzaileei laguntzen jarraitu eta hurrengo pausoetan babesa eskainiko diela berrestearekin batera.