NAIZ.INFO
Bilbo

Erreforma gehiago eskatu eta iragarri ditu Lagardek Bilbon

Orain artekoekin nahikoa ez, eta erreforma gehiago behar direla esan du Bilbon Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuendariak. Espainiako Estatuaren ekonomiaren zauriek «osatzeko denbora» beharko dutela dio Lagardek eta lan erreforman «sakondu» behar dela esan du.

Christine Lagarde gaur Bilbon.
Christine Lagarde gaur Bilbon.

Bilbon gaur antolatu duten Global Forum Spain 2014 gailurreko hizlari nagusia da Christine Lagarde, Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendaria. Orain arteko euren bidearekin pozik, buruak lepo beretik jarriatu behar duela uste du, are erreforma gehiago behar direla esan du.

Espainiako Estatuaren ekonomia berreskurapenerako bidean dagoela esan du, baina hazkundea txikia dela eta langabezia tasa altuegia, «zauriak osatzeko denbora» beharko duela Mariano Rajoyren gobernuak gidatzen duen Estatuak eta horregatik erreforma gehiago beahr direla esan du. Lan erreforma sakontzeko beharraz hitz egin du eta enpresen zorra berregituratzeko eta ehun produktiboa bultzatzeko deia egin ditu.

Lan erreformaren sakontze hori lanpostu gehiago sortzeko bide dela esan du, gainera, Lagardek. Erreforma horren helburua «lana dutenei ez, izan nahi dutenei laguntzea» dela esan du.

Langabeziarekin «kezka», baina dirua banketxeei

«Ez dago ezer okerragorik langabezia baino» ere esan du eta «etsigarria» dela gazteen artean langabezia %50dik gorakoa izatea; nahiz eta eragile sozial eta sindikalek NDFak berak inposatutako politiken ondorio dela egoera hori egotzi.

Lagarderen ustez «ausartak» dira Rajoyren gobernuak egin dituen erreformak eta orain arteko bidea indartzen jarraituko dutela berretsi du. Banketxeen kasuan, adibidez, gobernuek emandako laguntza zuzenak txalotu ditu eta hauen bateratze prozesuak (kutxen pribatizazioa ere eragin dutenak) bultzatzen jarraitzeko deia egin du.