Naiz.info
Gasteiz

EH Bilduk ez du parte hartuko Arabako Aldundiak Martxoak 8rako antolatutako ekitaldian

EH Bilduk uko egin dio Arabako Aldundiak Martxoak 8ko egunari begira antolatu duen ekitaldi ofizialean parte hartzeari, Javier de Andres ahaldun nagusiak abortoaren erreforma jorratu zenean «emakumeak iraindu zituelako». PSE eta EBrekin batera mozioa aurkeztuko du.

EH Bildu, PSE eta EBko ordezkariek agerraldi bateratua egin dute Batzar Nagusietan. (EH BILDU)
EH Bildu, PSE eta EBko ordezkariek agerraldi bateratua egin dute Batzar Nagusietan. (EH BILDU)

EH Bilduk ez du parte hartuko Arabako Aldundiak Martxoak 8ko egunari begira antolatutako ekitaldi ofizialean. Arrazoia, Javier de Andres ahaldun nagusiak egindako adierazpenetan datza. Asteazken honetan, Batzar Nagusietan abortuaren erreforma jorratu zen eta bertan, De Andresek «emakumeak iraindu zituela» argudiatu du koalizioak. Ahaldun nagusiak adierazi zuenez, «egungo legearekin errazagoa da neskato batentzat abortatzea tabako kaxa bat erostea baino». EH Bilduren iduriko, «De Andresek argudio penagarriak erabiliz emakumeok iraindu gintuen» eta bere haserrea agertu du.

Koalizioko ordezkariek agerraldia eskaini dute PSE eta EBko kideekin batera eta martxoaren 19an egingo den osoko bilkuran mozioa aurkeztuko dutela iragarri dute. Bertan, abortuaren legearen erreforma gaitzesten dute, «atzerakoia delako eta emakumeen eskubideak urratzen dituelako». Emakumeen ugalketarako autonomiarekiko konpromisoa berresten dute eta haurdunaldia eteteko erabakiak emakumearen borondatezkoa izan behar duela defendatu.

Lakuari ere emakumeei babesa emateko galdegingo diote eta haurdunaldiaren borondatezko etetea osasun publikoaren baitan egitearen aldeko hautua agertzen dute.