NAIZ.INFO
DONOSTIA

Aldundiak ikurrina jarriko du Gipuzkoa plazan, ikur espainolen inposaketaren aurka

Gipuzkoako Aldundiak ikurrina jarriko du Gipuzkoa plazan eta euskal ikurren aldeko ekitaldia egingo du apirilaren 26an, Auzitegi Gorenak Foru Jauregiko balkoian bandera espainola jartzeko ezarri duen epea beteko den egunaren bezperan.

«Euskal herritarrok maite ez dugun ikur bat inposatu nahi izateak erakusten du Espainiako Gobernuaren jokabidea», azaldu du Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaleak.

Gogor kritikatu du jarrera hori Ugartek: «gehiengoz lortu ezin duena, bide judizialetik inposatu nahi digu».

«Herritarren atxikimendua lortu ezinik, Espainiako epaileei eskatzen die halabeharrez agindu diezaguten bandera espainiarra jartzeko», gaineratu du.

Gorenaren epaiarekin ados ez dagoenez, Aldundiak saioa egin du EAJrekin erantzun bateratua emateko, «baina soilik adostu da plaka bat jartzea». «Plaka bat jartzeaz gain, ez dute alderdi abertzaleon arteko ekimen zabalagorik egin nahi izan, beraz, foru gobernu honek, EAJren laguntzarik gabe bada ere, aurrera jarraituko du ikurrinaren defentsan», adierazi du eledunak.

Ildo horretan, Aldundiak iragarri du Gipuzkoa plazan ikurrina jarriko duela apirilaren 26an «gipuzkoar guztiek, gainerako euskal herritarrek eta kanpotik etorritako bisitariek ikus dezaten inposizio guztien gainetik ikurrina dela herri honen sinboloa».

Egun horretan euskal ikurren aldeko ekitaldi bat ere egingo da Aldundiaren aurrean.