Oihane LARRETXEA

Lasterbidean, makineriako engranajeak martxan daude

Lasterbidean ekimenaren antolatzaileak jo eta fuego ari dira lanean edizio berria martxan jartzeko. Oiartzunen iaz lortutako arrakasta errepikatu nahi dute aurten Larrabetzun, eta horretarako garrantzitsua da jendearen inplikazioa. Entzun eta egin. Laguntza faltarik ez dute izan presoen eskubideen aldeko lasterketa egingo den herrian.

Datorren maiatzaren 18an egingo da errepresaliatuen aldeko lasterketa Larrabetzun, Oiartzunek emandako lekukoa jaso duen Bizkaiko herrian. Solte dauden piezak pixkanaka-pixkanaka lotzen joateko, eta, bide batez, deialdira gerturatzeko gonbita luzatzeko, laneguna izan zuten larunbatean Larrabetzun bertan antolatzaileek. Iazko antolatzaileei, gainera, Larrabetzu bertako kideak batu zaizkie aurtengoan denon artean makineria martxan jartzeko. Guztira hogei lagun inguruk osatzen dute herrialde ezberdinetako pertsonez osatutako lantaldea.

Igor Ibar lantaldeko kideetako batek GARAri atzo azaldu zionez, Larrabetzuko Udalarekin ere harremanak izan dituzte, Bildu eta EAJko ordezkariekin hain zuzen. Alderdiekin elkartu, eta, ekimenaren nondik norakoak azaldu ostean, babesa eskatu diete. Helburu horrekin, eta presoen eskubideak bete daitezen eskatzeko, mozioa aurkeztu nahi dute antolatzaileek.

Ibarrek onartzen du iaz «eskas» ibili zirela kartelak eta abarrak ipintzeko garaian, txoko guztietara iristeko zailtasunak tarteko. Hori zuzendu nahi izan dute aurten, eta horretarako eratu dute kolaboratzaile sare bat. Sare horren bidez herrietara errazago helduko dira, besteak beste, ekimenaren deialdia iragartzen duten kartelak jartzeko.

Ibarrek Larrabetzun bertan jaso duten harrera ona ere azpimarratu nahi izan du, bai egun osoko programa aurrera ateratzeko boluntarioak segituan aurkitu dituztelako, bai herria bera laguntzeko gogotsu agertu delako hasiera-hasieratik.

Presoen parte hartzea

Ekimenaren protagonistetako batzuk korrikalariak dira, haiek irudikatzen baitute presoen eskubideen defentsa. Hala ere, euskal presoak eurak dira beste elementu garrantzitsua. Lasterbidean ekimenean parte hartu ahal izateko, iaz posta bidez eman zitzaien egitasmoaren berri. Aurten ere gonbita luzatu zaie, beheko argazkiak erakusten duen moduan. Baina, nola har dezakete parte presoek?

«Bi gauza proposatu zaizkie, iaz bezala. Alde batetik, eskulanen bat egitea, egunean bertan egingo diren zozketetan banatzeko, eta, bestetik, euren gertuko bi pertsona gonbidatzea Larrabetzura ordezkari gisa».

Proposamena oso harrera ona izaten ari da presoen aldetik. Aurten, gainera, gutunaz gain, iazko edizioko argazki bildumatxo bat ere bidali zaio posta bidez preso bakoitzari.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan dituzte laguntzaile taldeak antolatzaileek. Uneotan harremanetan ari dira sarea Ipar Euskal Herrira zabaltzeko. «Hango jendearekin kontaktuan gaude, eta han oraindik ere errefuxiatuak badaudenez, argazki bilduma eskaintzeaz gain, bi pertsona bidaltzeko gonbita luzatuko diegu».

Txosnak eta paella

Aurtengo edizioari dagokionez, txosnak jarriko dituzte, bertako tabernek ez ditzaten arazoak izan zerbitzua emateko garaian, Larrabetzu herri txikia baita. Bazkari herrikoiarekin beste hainbeste gertatu da. Gehienez 600 pertsonentzako bazkaria eskainiko da, baina gerturatzen den orok jatekoa eta edatekoa izan dezan, paella erraldoi bat prestatuko dute. «Etortzen den oro asetzeko moduan gaude», dio Ibarrek.