NAIZ.INFO
ALTSASU

Burua eta akzioa uztartzen jarraitzeko deia egin diote Altsasutik euskal gazteriari

1.200 gazte inguru bildu dira Altsasun iganderarte luzatuko diren topaketetan. Goizean bezala, arratsaldean ere gogotsu ekin diote gazteek egitarauari, tailer ugarirekin. iluntzean, plaza bete dute, topaketetako ekitaldi nagusia dela-eta.

Iñaki Soto eta Ion Telleria, ‘Story telling’ tailerrean. (ARGAZKI PRESS)
Iñaki Soto eta Ion Telleria, ‘Story telling’ tailerrean. (ARGAZKI PRESS)

Martxan da Gazte Burutakzio topaketetako bigarren eguna. Altsasun bildutako gazteak Aritza ikastolan gosaldu eta 9.00etatik aurrera tailer ezberdinetan ikasteko eta hausnartzeko aukera izango dute.

Egitarau oparoa osatu dute, leloari jarraituz burua eta akzioa uztartzeko. Mikropolitika, komunikazio gerrila, sormena, desnormalizazioa eta kanto proiekzioaren inguruko tailer ezberdinak izan dira goizean.

 

Bazkariarekin indarrak bildu ondoren, lanean jarraitu dute gazteek. Arratsaldeko txandan, tailer desberdinak programatu dituzte: ‘Zernahi gara’ izenekoa, ‘Okupaziorako aholkuak’... Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Ion Telleria NAIZeko kazetaria ere han izan dira, ‘Story telling’ tailerrean.

Egunari behar bezalako bukaera emateko, ekitaldi nagusia egin dute gazteek, Altsasuko plaza mukuru betez.

Pozik agertu dira, izan dituzten oztopoen gainetik topaketak aurrera ateratzeko gai izan direlako.

Aitzinako Koldo Etxegaraik eta Ernaiko Maialen Etxeberriak hartu dute hitza, eta dei egin diete gazteei, burua eta akzioa uztartzen jarrai dezaten.

«Irudimen eta sorkuntzaz jokatu behar dugu gazteok, gure herriaren eraikuntzan», esan du Etxegaraik.

Maiatzaren 3an, Ernaik deituta, Bilbon egingo den «manifestakziora» (17.30, Deustuko zubitik) joateko deia ere egin dute.