NAIZ.INFO
LIZARRA

Uxue Barkosek EAJren kanpaina babestu du Lizarran

Izaskun Bilbao EAJko zerrendaburua Lizarran izan da gaur hauteskunde kanpainako ekitaldi batean eta Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuaren babesa jaso du. Administrazio kontseiluetan eta politikan berdintasuna aldarrikatu du hautagai jeltzaleak.

Uxue Barkos Izaskun Bilbao babesten izan da, Lizarran. (EAJ)
Uxue Barkos Izaskun Bilbao babesten izan da, Lizarran. (EAJ)

Izaskun Bilbao Lizarran izan da gaur eguerdian, hauteskunde ekitaldi batean. Genero berdintasunaren inguruan mintzatu da hautagai jeltzalea eta Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak, bere presentziarekin, babesa adierazi die Bilbaoren proposamenei.

EAJko Europarako zerrendaburuak berdintasuna Europar Batasuneko politika guztietan sartzea defendatu du, «eskakizun demokratikoa» baita. Administrazio Kontseilu guztietan eta politikan berdintasuna aldarrikatu du eta, horrekin batera, genero bortxakeriaren aurkako plana ere aldarrikatu du.

«Orain eta  hemen hitza ematen dugu lan egingo dugula emakume eta gizonen arteko berdintasuna Europar Batasuneko politika guztietan egon dadin. Estatistika homogeneoak proposatuko ditugu desberdintasunaren eta emakumeen kontrako bortxakeriaren dimentsio erreala ezagutu ahal izateko. Egiten dugunaren eragina neurtzeko, zuzendu behar dena zuzentzeko eta hori guztia partekatzeko», adierazi du.