Sortuk gogor salatu du Tomas Madinaren atxiloketa eta Guardia Zibilaren esku jasan dezakeen tratuaren inguruan bere kezka adierazi du.
«Konponbidearen eta bakearen etsain beste eraso berri bat» dela ohartarazi du Amaia Izko abokatu eta bozeramaileak. «Guardia Zibilak agenda propioa du bakearen aurka eta Espainiako botere judizialaren eta PP eta PSOE alderdien sostenguarekin gauzatzen du», nabarmendu du.
Horrez gain, «Guardia Zibilaren bozgorailu lanetan diharduten» hainbat hedabidek kaleratutako informazioek «muntai polizial baten aurrean gaudela adierazten dute», bere iritziz.
Sorturen iduriko, «aski da» esateko garaia da; «ezin dugu onartu indar polizial eta politiko arrotzek gure herriaren bake eta konponbide nahien aurka aritzea».
Horrez gain, «konponbidearen aurkako ndar polizialak Euskal Herritik at» behar luketela azpimarratu du. «Gerra egitera etorri zirenak alde egin dezatela behingoz».
Alderdi independentistak «errepresio jarduera guztien amaiera» galdegin du, baita Madinaren askatasuna ere.
Datozen orduetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du.