Arantxa Manterola
Paue

Bonnemaisonen deklarazioarekin hasi da epaiketa

Goizeko 10.00etan ekin diote Paueko auzitegian Nicolas Bonnemaisonen Baionako erietxeko sendagile ohiaren kontrako epaiketari. Bere deklarazioarekin ireki da, hain zuzen ere, sekulako interesa piztu duen prozesua.

Nicolas Bonnemaison, Paueko Auzitegira iritsi denean. (Bob EDME)
Nicolas Bonnemaison, Paueko Auzitegira iritsi denean. (Bob EDME)

Hilzorian zeuden zazpi gaixo erailtzeaz akusatutako sendagileak bere bizitzaren gorabeherak azalduz hasi du deklarazioa. Hazparnen bizitako haurtzaroa, bere aita medikuaren eragina, Bordelen egin zituen ikasketak eta bizitzaren azken uneetan daudenen trantzean laguntzeko egindako espezializazioa aipatu ditu.

Oso hunkituta agertu da leporatzen zaizkion akusazioekin eta medikugintzatik baztertu izana oso gaizki daramala nabarmendu du.

Gaur goizean jakin da ere, azkenean, bi familia direla prozesuan parte zibil gisa aurkeztutakoak baina ez dute Bonnemaisonen kontra salaketarik jarri.

Baionako auzitegiak «bereziki ahulak diren pertsonak pozointzea» egotzita prozedura ireki zion, 2011ko abuztuaren 12an, Baionako erietxean ziharduen medikuari. Geroztik, oinarrizko akusazioari –hil zorian ziren bost adinekoen heriotzak argitzeko xede abiatu zen ikerketa– kasu berriak gehituzaizkio.

Bonnemaisonen aferak eutanasiari buruzko eztabaida piztu zuen Estatu frantsesean.