NAIZ

Euskal Herri osoko hautetsiek jaurti dute suziria Lesakan

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak jaurti du Lesakako festei hasiera emateko suziria. Udaletxeko balkoian, Euskal Herri osoko alkate eta zinegotzi batzuk izan ditu ondoan, herrialde guztietako udal ordezkarien arteko senidetzearen adierazgarri.

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria.
Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria.

Iruñeaz gain, Euskal Herriko beste hainbat herritan ospatzen dira sanferminak. Lesakan esaterako, Udalbiltzako ordezkariek eman diote hasiera festari.

«Euskal lurralde guztietatik etorritako zenbait hautetsi zuekin gaude gaur hemen. Elkarrekin Euskal Herria garelako, elkarrekin eraiki nahi dugulako gure etorkizuna. Eta jakina, elkarrekin gozatu nahi dugulako gure nazioaz. Beraz, goza ditzagun festa hauetaz, eta euskaraz goza ditzagun. Gora Lesaka eta gora Euskal Herria», esan du Mertxe Aizpuruak suziria piztu aurretik.

Gonbidatutako gainontzeko hautetsiek ere bota dute suziri bana. Aurrena, Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako lehendakariordea eta Gasteizko zinegotzia izan da. Ondoren Jean-Louis Fournier, Azkaineko auzapeza, eta Gorka Taberna, herri horretako hautetsia -Lesaka eta Azkaine senideturik daude-. Bertan ziren, halaber, Maitane Nerekan Getxoko zinegotzia, Ruben Gomez, Liginagako auzapeza, eta Katia Miranda herri horretako hautesia.

Amaitzeko, azken suziria anfitrioiak jaurti du, Peio Etxabide Lesakako alkateak. Jean-Michel Galant, Azkarateko auzapezak ez du ekitaldira joaterik izan, baina Peio Etxabideren bitartez agurra bidali die bertan zirenei.