@gara_olarretxea
DONOSTIA

Gipuzkoako Batzar Nagusiek harrera egin diote Hai Al Bustan futbol talde palestinarrari

Donosti Cup futbol txapelketaren baitan heldu dira 14 urteko gazteak hiriburura eta, egonaldia aprobetxatuz, Batzar Nagusietan harrera egin diete goizean alderdi guztietako ordezkariek, egunerokoan egiten duten ekarpena aitortzeko. Jaioterrian bizi duten indarkeriaz ihes egiteko balio die kirolak.

Hai Al Bustan taldeko jokalariak, Gipuzkoako batzarkideekin familia argazkian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Hai Al Bustan taldeko jokalariak, Gipuzkoako batzarkideekin familia argazkian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gazteak dira, baina asko ikusi eta bizi dute Hai Al Bustan futbol taldeko mutikoek. Indarkeria eta txikizioa, gehienbat. Jerusalemeko Silwan auzoan dute jaioterria eta laister alde egin beharko dute, kolono israeldarrak lur horien jabe egin direlako. Lorategiak egingo dituzte gaur egun euren etxeak dauden lekuetan.

Euren errealitatea hain da gogorra saiatuta ere irudikatzea zaila egiten dela, horregatik Donostian igaroko duten astea oxigeno puxika da beraientzat. Gehien gustatzen zaiena egingo dute bitartean: futbolean jokatu munduko beste hamaika talderekin lehiatuta.

Donostiara etortzeko bidaia ez da erraza izan. Urtebetez luzatu da burokrazia, Israelek jartzen dituen «trabak» etengabekoak direla onartuta. Gaztetxo bati, hain zuzen, ez zaio azken unean etortzeko aukera eman, soldadu israeldarren «enegarren» jipoia jaso ostean. Autoritateekin «arazo gehiegi» dituela argudiatuta, debekatu egin diote «amesten zuen bidaia egitea».

Gipuzkoako Batzarretako ganberan hitza hartu du gazteen tutore lanak egiten dituen Sara Abdelrazaq-ek, eta Palestinaren ahotsa entzuteko eskatu du, baita herri gisa aitortua izan dadila. Etxeen eraisteak, tratu txarrak eta etengabeko mehatxuak zenbatu ditu emakume honek, baina eskerrak emateko aukera ere aprobetxatu du.

Urtero, Donostia Cup txapelketak, ‘Donostia cup in the World’ ekimenaren bitartez, errealitate gatazkatsuetan bizi den futbol talderen bat gonbidatzen du edizio bakoitzean. Besteak beste, gurean izan dira Indiako futbol neska talde bat, Boliviako oihanean bizi den beste bat, baita ere Chernobil, Salvador eta Ugandako gazteak.