«Sakabanaketak indarrean jarraitzen du, Bizi Osorako Zigorra -40 urteko kartzelaldia- aplikatzen jarraitzen dute, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ere ez dituzte askatzen. Senide eta lagunon kontrako jazarpena ere gero eta handiagoa da», salatu du Etxeratek ohar bidez.
Uztaila eta abuztua jende askorentzat opor eta hondartza garaia badira ere, senideek espetxean dituzten senitartekoak bisitatzera bidaiak egiten jarraitzen dutela ohartarazi du. «Euskal preso politikoen senide eta lagunentzat ez da oporrik. Espetxeratuak dauden gure ahaideen eskubideak etengabe baitira zapalduak. Horregatik, beste urte batez, egoera hau salatzeko Euskal Herriko hondartza eta kosta eremuetara gerturatu gara gaurkoan ere», esan du.
Datorren abuztuaren 3an, Euskal Herriko hondartzetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritar orori. «Guztiok gara beharrezkoak dispertsioarekin amaitzeko», azpimarratu dute.